Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Ibon

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Orain dela hamar urte Entzun-erako nire lehen kolaborazioak idazten hasi nintzen, eta haien artean bereziki gogoratzen dut Ibon Errazkin eta Teresa Iturriotzi egindako elkarrizketa. Aventuras de Kirlian, Le Mans, Single eta Ibon bera bakarka... bere ibilbide luze eta oparoaren izaera guztiak maite ditut. Egun hartan, gainera, Ibonek Le Mans-en Saudade diskoaren kopia bat oparitu zidan, bere garaian (1996an) egindako grabaketa ez zuela oso gustuko eta erremasterizazio berria askoz egokiagoa zela esanez. Kontuak kontu, eta hamar urtez ezaguna nuen arren, inoiz ez bezala gozatu nuen diskoaz etxera bueltatu eta lasai entzun nuenean.

Eta beste hamar urte borobilen bueltan, Ibon berriz elkarrizketatzeko aukera izan dut, plazaratzera doan Foto Aérea bere disko berri zoragarria dela eta. 2018an, 1996an edo denboran atzerago ekoitzitako diskoa izan zitekeen hau, halakoa baita bere klasikotasun eder hilezkorra eta —Errazkinen beste lan guztien antzera— bere nortasun bitxi, nahasezin eta liluragarria.

Prentsarako oharrak Damon Krukowski Galaxie 500 taldeko partaide izandakoaren hitz batzuk dakartza, eta ezin aproposagoa iruditzen zait, gaztelaniaz argitaratu berri dioten The New Analog. Cómo escuchar y reconectarnos en el mundo digital liburua ikusita. Bertan Damonek egungo musikaren digitalizazioaren aurrean, iraganeko grabaketa eta erreprodukzio sistema analogikoen aberastasuna defendatzen du, eta egun bi mundu horiek uztartzeko (edo agian ezin uztartzeko) moduak arakatzen ditu. Digitalizazio ahalguztidunak soinua konprimitu, gorde eta elkarbanatzeko gaitasuna izugarri handitu du, baina, sarritan, horrek etengabeko lasterketa batera bultzatzen gaitu. Disko hau edo hura badut, entzun dut, bai ala ez, checklist moduko zerrenda amaigabe baten esklabo bihurtu gara, eta ez musikarekin bakarrik; bizitzako beste hainbat alorretan gauza bera pasatzen zaigu. «Gozatu, bizi, sakondu, nireganatu al dut?» moduko galdera analogikoak gehitu beharko genizkioke zerrendari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.