IRITZIA. Miguel Gallastegi

«Atera ardoa eta txorizoa»

enekoitz telleria sarriegi
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Esku bat handia indarrez estutua, eta bizkarreko bat xuabea adeitsu emana. Irribarre bat eztia, eta begirada bat bizia. Oso bizia. Kazetari ernetu berriari bai, eta argazkilariari ere bai. Idazten ari den hau bata, eta Edurne Koch bestea. «Euskaldunon Egunkaria-tik gatoz, Miguel».

1998a zen. 50 urte Miguel Gallastegik buruz buruko bere lehen txapela irabazi zuela. Omenaldia antolatu zioten Eibarren, eta ari zen elkarrizketak ematen Donostiako bere etxean, Maria Cristina hotelean Zinemaldiko izarrek bezala: erreskan.

Argazkiak lehenengo. Etxeko sarrerako horma osoa hartzen duen argazkiaren ondoan —aldameneko orrian agertzen den hori—. Hantxe zeukan tokia eginda elkarrizketetarako. Eta harrituta Miguel. Emakumezko bat ari zitzaiolako argazkiak egiten harrituta, eta elkarrizketa euskaraz egin eta argitaratuko zela jakin zuenean harrituta. «Ez da hori egia izango? Euskaraz egin eta argitaratu? Atera ardoa eta txorizoa [emaztearengana zuzenduz] eta goazen denok egongelara».

Eta txorizoaren eta ardoaren jiran urtu zen mitoa goxo. Eibartarrez hasi zen suelto, eta erosoago. Erantzuten adina galdezka. Kazetariari itaunka: nongo zen, nondik zetorren... «Segurakoa zara? Akordatzen naiz ni hango pilotariekin. Izango ziren onak eta hobeak, baina ez dut sekula ikusi inor frontoian haiek bezain galtza zuririk eta ongi lixaturik eramaten zuenik».

Eta halaxe irabazi zenuen kazetari hau betiko. Gerokoak dira Zurriolako hondartzako agurrak Hercules betiereko baten pare hango harkaitz artean flexioak egiten ari zinela, edo Pasealeku Berrikoak, edo Galarretakoak, edo Astelenakoak. Txorizoaren eta ardoaren jiran goxo urtu zinenekoa izango dut nik beti gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.