Ion Orzaiz.
ANALISIA

Agenda propio bat, egia-osteko aroan

2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Gidoia aldatu zuen Nafarroako Hezkuntza kontseilari Maria Solanak atzo. Edo, hobe esanda, gidoia aldarazi zioten. Skolae hezkidetza programaz hitz egitekoa zen, baina aurkezpen hori bertan behera uztea erabaki zuen azken orduan. Horren ordez, agerraldia baliatu zuen Nafarroako berripaperik salduenak argitaratutako «informazio faltsu» baten inguruan azalpenak emateko.

Atzokoa ez zen izan gobernuak gisa horretako albiste bat gezurtatzen duen lehen aldia, erregimen zaharrak ederki hartua baitio neurria post-truth (egia-ostea) fenomenoari: erregionalismoaren adar mediatikoak ezartzen ditu unean uneko eztabaidagaiak titulu hanpatuen bidez, eta adar politikoak segida ematen dio auziari, eztabaida parlamentuaren gai zerrendan sartuta. Gutxienekoa da esandakoak egia ala gezurra diren, ordurako eskuinak bete baitu bere helburua: kalapita sortzea, Nafarroako agenda politikoa baldintzatzea eta laukoa kontrakarrean aritzera behartzea.

Azken hamar egunotan, esaterako, Nafarroako Gobernuak hirutan gezurtatu behar izan du UPNren esparru ideologikotik gertu dagoen egunkariak zabaldutako informazioa: lehena, hilaren 11n, lauko gobernuak ETAren biktimei eginiko omenaldira «biktimarik ez» zela bildu argitaratu zenean —zuzenketa txiki bat argitaratu zuten asteartean, gobernuak hala exijitu ostean—.

Bigarrena, astearte horretan bertan, Hezkuntza Departamentuak Erriberako zazpi ikastetxe publikotan erlijio islamiarra eskainiko duela zioen albistearen harira: gobernuak «asmakeriatzat» jo zuen informazio hura, eskaintza bermatzera «legez behartua» dagoen arren, ikastetxeen zerrenda —eta eskaintza bera— zehaztu gabe dagoelako.

Atzo heldu zen hirugarren gezurtatzea, eta, ohiko bihurtu denez, Hezkuntza Departamentua ageri da eskuinak diseinatutako ekaitz perfektuaren begian. Lehen urratsa, titulu deigarria: «Dimisioa eman du Hezkuntza Departamentuko idazkari teknikoak». Bigarrena, UPNko Alberto Catalan legebiltzarkideak sinatutako oharra, dimisioa «gobernuaren kudeaketa negargarriaren», «funtzionarioen aurkako presio onartezinen» eta «politika sektarioen» ondorio zuzena dela azpimarratuz. Eta hirugarren urratsa: Hezkuntza Departamentuaren bat-bateko zuzenketa.

Haserre azaldu zen Solana kontseilaria hedabideen aitzinera. Haren esanetan, Hezkuntzako idazkari teknikoak, Begoña Alfarok, ez du dimisioa eman. Oraindik ez. Teknikariak «aspalditik» zuen kargua uzteko asmoa, «baina ez gobernuaren presioengatik, arrazoi pertsonalengatik baizik». Are: atzo argitaratutako ohar batean, Alfarok berak aitortu du kargua «konplexuegia» dela, eta ez duela bere burua «ardura mailari erantzuteko gai» ikusten.

Erregionalistei ere eman die eztenkada: Alfarok txarretsi egin du UPNk auziaren «erabilera politikoa» egin izana, eta gogorarazi du presioa nonbaitetik heldu bazaio erregionalisten aldetik heldu zaiola. Izan ere, Catalanek berak behin baino gehiagotan eskatu du idazkari teknikoaren agerraldia, departamentuaren erabakien inguruan azalpenak emateko. UPNren jokabidea «doilorra, mespretxagarria eta onargaitza» dela gaineratu du Solanak: «Teknikarien lana da aholkularitza objektibo eta inpartziala ematea, eta oposizioak ez du euren lanarekiko inolako errespeturik erakutsi, teknikarien ardurak gainditzen dituen gai baten inguruan azalpenak eskatuta».

Jose Luis Mendozaren agintalditik, argi dago Nafarroako Gobernuak esku artean dituen auzien artean, hezkuntza patata bero bat dela: PAI programaren ezarpenak utzitako ondare pozoitsua; UPNk ezarritako murrizketen ostean, egoera lehengoratzeko bide luzea; irakasleen behin-behinekotasuna eteteko lan eskaintzak, D eredua Nafarroa osora hedatzeko erronka... Eta, hori guztia gutxi balitz bezala, hezkuntza arma gisa erabiltzeko asmo osoa duen oposizio politiko, mediatiko, sindikal eta judizial suhar bat.

Eskuin nabarristaren fake news-ekin arduratuta dago lauko gobernua: eztabaida antzuetan sartuta, eta agenda propioari eusteko zailtasun handiekin. Baina, inoiz helduko bada sakoneko aldaketa Hezkuntza Departamentura, ez da izango UPNk jarritako norabidearekin eta erritmoarekin. Aldaketarekin baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.