Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Askatasunaren museo batentzako oharrak

2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Bisitan etorri da lagun baten familia. Ez dira europarrak eta, beraz, ondo aprobetxatu behar dira hemen emango dituzten egun eskas horiek. Atzo, turismo gida eskuan nuela, honela galdetu zidan senide batek: «Eta non dago euskal gatazkari buruzko museoa?». «Ez dago». Zalantzak berehala sortu zitzaizkidan: egon beharko litzateke? Nolakoa izango litzateke horrelako museo bat? Zer irakatsi beharko lieke kanpotarrei? Eta bertakooi?

Balizko museo horren ezaugarriak zirriborratu nahian, oroimenaren beste gune bat hartu nuen hizpide, inoiz ikusi dudan gogoangarrienetariko bat: Museu do Aljube - Resistência e Liberdade du izena eta Lisboako hirigunean kokatuta dago. Portugalek 1926 eta 1974 artean jasandako diktadura luzearen aurkako erresistentzia balioesteko asmoz sortu zuten 2015ean. Fatxadan, idazkun xume batek baino ez die ibiltariei eraikinaren egungo erabilera iragartzen. Leihoetan, antzinako burdin barrak beren horretan mantendu dituzte, iraganean espetxe politiko bat zela inork ahaztu ez dezan, aljube hitzak kartzela edo ziega esan nahi baitu.

Museoaren lehenengo solairuan diktadura faxistaren —horrela esaten baitiote Portugalen— sorrera eta ezaugarriak testuinguruan kokatzen dira. XX. mende hasierako bizitza eta amets politikoak eten zituen estatu kolpeak sortutako diskurtso politiko obskurantista eta jardunbide libertizida arretaz azaltzen dira, baita beren ondorio latzak ere. Jarraian, Aljube espetxean gertatutako krudelkerien berri ematen da, Lisboa eguzkitsuaren erdian dagoen etxe zuri hori polizia politikoaren tortura zentroa ere izan zelako. Argirik gabeko ziegak ikusgai daude, barruan mugitzen uzten ez duten horietakoak. Torturak gorputzean zein ariman uzten dituen kalteen azalpen mediko xehatua topa daiteke, torturatutako presoen lekukotza eta erretratuetatik gertu. Azkeneko solairuan, diktaduraren politika kolonialistaren krimenak ezagutzera ematen dira, Portugalgo herria ez baitzen tirania horren menpe egon zen nazio bakarra.

Museo osoko hormetatik askatasunaren egarri izan ziren askoren hitzak irakurri eta gero, azken gela bat topa daiteke, txikia bezain argitsua. Aurreko korridore ilunekin alde itzela dago, begiak txilotzera behartzeko modukoa. Kolore zuria da nagusi, ehunka krabelin gorriz jositako horma bat izan ezik. Alboan idatzitako hitzak: 25 de Abril de 1974. Hainbeste ankerkeriaren berri izan duen bisitariarentzat hitz horiek aringarri eder dira, herri osoarentzat garaian izan ziren antzera. Olerki ezagunak dioen bezala: «Hau da espero nuen egunsentia».

Zaila da askatasuna definitzea, baina konparatzen badugu 1974ko apirilaren 25a aurretik gertatu ziren 16.832 egunekin, erraza da ikustea zergatik oraindik ere data horri esaten dioten o día da liberdade. Gasteizko Memoria Gara eta antzeko ekimenen eskutik, agian geuk ere izango dugu geurean munduari duintasuna eta oroimena erakusteko aukera, etorkizun humanoagoa eraikitzeko deman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.