martxelo otamendi
G7koen goi bilera Miarritzen. ANALISIA

Exoplanetak

2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Horren gertu eta horren urruti. 25 kilometro besterik ez daude Hendaiatik Miarritzera, bainam atzo ikusi genuenez, argi urteak daude bi hiri horien artean, atzo batean eta bestean ikusitakoa bada neurgailua. Bi mundu desberdin, bi planeta, edo zehatzago esanda, bi exoplaneta, izar banaren bueltan dabiltzalako.

Hendaian bizipoza erakusten duen jendeak egin zuen Irun bitarteko bidea, jende alaia, bidaia horretan ondoan doanari gertatzen zaiona axola diona, eta laguntza eskainiko diona. Gizarte moderno batean konpondu gabe —konponbidean jarri nahi ez direlako— dauden egoerekin kezka agertzen duen jendea da, sinistuta baitago ez dela asko egin behar arazo horietako asko eta asko konpontzeko. Mundu honetako herritar gehienen arazoen bilduma ikusi genuen atzo, Hendaian urteetan egin den manifestaziorik handienean. Elkartasuna, justizia, emakumea, ingurumena, askatasuna, borroka, pobrezia... hitzak edukiz betetzen dituztenherritar eta erakundeak dira, esaten dutena sinesten dutelako, aitzindariak izan baitira kontzeptu horien lanketan. Horiek, atzo, Hendaian eta Irunen zeuden, gazteak eta, haiekin batera, ileak borrokaz borroka urdindu zaizkienak. Beste etorkizun bat eraiki nahi dutenak, eta uzten ari diren munduaren nolakotasuna batere maite ez dutenak, urteetan oso bestelakoa izan dadin saiatu arren.

Beste exoplanetakoak, G7ko buruzagiak, Miarritzera iritsi ziren atzo, nor bere aldetik. Irribarre gutxi, elkartasuna batere ez. Badakite noraezera ari direla eramaten planeta, etorkizunik ez daukan bidetik daramatela, baina ez die asko axola, ez dute aldatu nahi. Elkarrekiko mesfidantza da egunero egiten duten kirola; adituak, zangotraban. Klase bat osatzen duten arren, ez dute elkarrenganako elkartasuna lantzen, interes desberdinak, eta askotan kontrajarriak, dauzkaten nagusi desberdinekin elkarlanean —«zerbitzura», kritiko askoren arabera— dihardutelako. Diplomazian asko erabiltzen den mind your business (ez sartu nire auzietan) esaldiarekin osatzen dute bilera hasierako otoitza. Badakite Miarritzeko asteburua itxurakeria hutsa dela, papera antzeztu ondoren nor bere herrira itzuliko direla, eta orain arteko bere bidetik segituko dutela, Miarritzen gauzaren bat edo justu kontrakoa adostu arren.

Bi irudi kontrajarriak atzo, 25 kilometroko tartean: kolorez, musikaz eta esloganez betetako kaleak Hendaian; hutsik, isilik eta jendea lapurtu dietelako kexu diren kaleak Miarritzen. Aukeratu egin beharko dugu zein exoplanetetan bizi nahi dugun, nonahikotasuna ez delako pertsona arrunten dohaina. Etorkizuna, arrazionaltasuna, Hendaian zeuden. Miarritzen, amildegia.

Antolatzaileek —hau da, Frantziako Gobernukoek— Miarritzeko erdigunetik sei kilometrotara dagoen Irati gunean kazetariontzako atondu duten urrezko kartzelan, axoa eman digute bazkaltzeko. 0 kilometroaren ondorioa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.