Zuriñe Rodriguez Lara.
Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena. IRITZIA

Gasteizko makineria

2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun

Urtaran izango da Gasteizko alkatea. 2015ean hirugarren indarra izan zena, eta agintaldi ahula egin duen hori, orain, alternatiba sendo moduan azaldu da, dudarik gabe, trantsizio batean murgilduta dagoen Gasteiz batean. Begi bistakoa da hautesleak aldatzen ari direla Gasteizen; ziklo politiko oso bat aldatzea, ordea, ez da bakarrik hauteskunde batzuetara mugatzen den kontua. Hiria nora aldatzen ari den: horra hor egin beharreko galdera.

Batzuek, arrazoitzeko gaitasuna dugunetik, hauteskunde gau guztietan jakin izan dugu PPren foku informatiboa Gasteizen zegoela. Inor ez zen Alfonso Alonsoz, Rabaneraz, Javier Marotoz edo De Andresez gogoratu igande gauean. Popularrak beren altzariak kutxetan sartzen ari zirela, EAJ Gasteizko Sabin Etxe berria atontzen eta antolatzen zebilen. Eskuina oraindik oso urrun dago Larrionek defendatzen duen Gasteiz koloretsu horretatik desagertzetik, nahiz eta EH Bildu indartsu agertu den.

2015ean, Larrionen eskuzabaltasunagatik eskuratu zuen Urtaranek alkatetza. Egonkortasuna bermatzeko, gobernuan bazkide berri bat —PSE— sartu behar izan zuen, eta, gobernuan mantentzeko, aurrekontuak luzatu behar izan zituen, eta konfiantza mozio batera aurkeztu. Egoera hori ikusita, ez zuen gau onik espero Gasteizko alkateak; gainera, hala iragartzen zuten inkestek.

EAJk hegemonia hori eskuratu nahi du —eta, bide batez, txiringito osoa—, eta EAEn hainbeste kostatzen zaion gotorleku hori bereganatu. Horregatik, makineria guztia Gasteizera begira jarri dute; denbora daramate horretan. Emaitzak ikusita, ez zaie gaizki atera jokoa. Statu quo-a izateak ere lagundu egin die.

Alderdiko gizonen presentzia garrantzitsua Gasteizko kanpainan; mezu errazak (Gasteiz super hiria); Urtaran gau eta egun komunikabideetan (denok gogoratzen dugu La Sexta Noche-n izar moduan agertu zenekoa); Larrion ahultzeko, «otsoa dator» behin eta berriz errepikatu izana: horrek guztiak hauteskundeak irabaztera eraman du. EAJk hogei urte zeramatzan Gasteizen hauteskunde batzuk irabazi barik, Cuerda liderra izan zenetik.

EAJk azkar ulertu du Gasteizen ez dutela irabaziko Aberri Eguna ospatuz soilik. Hemen jendea ez dagoela ohituta batzokian poteatzera, nahiago dituela jaka barru-bigun horiek, poloak eta mokasinak. Hemen bestelakoak dira kontuak, eta egoerara oso ondo egokitu dira. Alternatiba izan nahi dute, baina eskuineko alternatiba. Urtaranek diseinatu zituen zerrendak ikusi besterik ez dago. Aurpegi berri asko, baina profil sozialagoa duten hautagaiak, zerrendetatik kanpo (agur Iñaki Prusilla). Gaurko Gasteizko EAJk Ortuzarren eta haren taldearen antza duela iruditzen zait, janzkera pixka bat aldatuta. Gizarte etxeak eta sexu bereko bikoteentzako erregistroak egin zituen Cuerda harengandik oso urrun, ordea.

Eta ezkerrak zer? Gehien bozkaturiko zerrenda izango zenak, azkenik, hirugarren postuarekin konformatu beharko du. Egia da EH Bilduren bozek gora egin dutela, baina urrun izan du gehien bozkaturiko zerrenda izatea. Agintaldi honetan, oposizioko liderra izatera mugatu beharko du bere lana. Nahiko argi baitago sozialistak gobernuan sartu eta Urtaranen makulua izango direla.

Ukaezina da Miren Larrionek egin duen kanpaina bikaina izan dela. Sareetan presentzia itzela izan du, komunikatzeko gaitasun handia —zorrotza eta pedagogikoa aldi berean—, eta zerrendaburuek ohitura duten baino presentzia handiagoa izan du kaleetan. Agerikoa da hori guztia ez dela nahikoa izan. Makineria guztia Gasteizera begira ez jartzea izan da, beharbada, EH Bilduri falta izan zaiona. EAJk egin duena, hain justu. Dena ez bada, behintzat, erdia jarri beharko zuketen, beste erdia Iruñerako erreserbatuz. Horri gehitzen badiogu ez dutela aurreikusi PSE-EEk boto aurrerakoiak bereganatuko zituela Gasteizen «Sanchez efektuaren» eraginez —ia lidergorik ez zuen hautagai batekin bazen ere—, bada, guztiz logikoak dira emaitzak.

Orain, zer? Orain falta dena da Euskal Herriko ezker independentistak bere osotasunean ulertu behar duela, alde batetik, lurraldetasunaren berreraketa sinboliko bat egin behar duela benetan EAJri hegemonia kentzeko moduan lehiatzeko, eta, horretarako, estrategia nazional bat behar dela. Eta, beste alde batetik, ezkerreko diskurtsoan sakondu behar duela. Hori premiazkoa da, behintzat Gasteizen, EAJ goraldi betean eta oso zentratuta dagoen hirian. Gauza ez da Gasteizek eskuindarra izaten segitzea, baizik eta borroka honetan eskuina, orain abertzalea dena, aurretik doala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.