MARIJAIAREN ESAMESAK

«Hiri irekiak» ere baditu bere mugak

Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Larunbat arratsaldean, Bea Sever pregoilariak irakurritako manifestuan Bilbo «hiri irekia» dela aipatu zuen. Zergatik? Besteak beste, jaietako une garrantzitsuenetako batean haur transexualen gurasoen elkarteari bozgorailua eman izanagatik. Baina momentu horretan bertan, eta oraindik jaien hasierako suziria jaurti gabe zela, Ertzaintza dagoeneko txosnetara gerturatua zen. Txori Barrote konpartsak dekorazioan jarritako presoen argazkiak kentzeko agindua zekarren esku artean. Igandean, ertzainak txosnan sartu eta kendu egin zituzten. Ez da lehen aldia: duela bi urte, Bizkaiko Elizbarrutiak Hontzak konpartsaren dekorazioaren aurka egin zuen. Eta, duela hamar urte, udalak txosna muntatzeko bi urterako baimena kendu zien Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsei, txosnan presoen argazkiak eskegitzeagatik. Apaingarri baino gehiago kritika den dekorazioaren aurka egitea ba al da hiri ireki eta askearen ezaugarri?

Aste Nagusia irekia izan da sorreratik. Asmo horrekin sortu zen: bilbotar guztientzako jai askeak izateko. Aurten bete dira berrogei urte La Otxoa-k Libérate estreinakoz kantatu zuenetik. Belaunaldi oso batentzat sexu askatasunaren aldeko ereserki bihurtu zen. Baina, hala ere, Bilboko jaietan izan dira LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak. Baita emakumeen kontrakoak ere. Aurten dagoeneko andre bik salatu dute eraso egin dietela. Atzo, gaitzespen mobilizazio jendetsua egin zuten Areatzan. LGTBI kolektiboak badu ikusgarritasun gehiago. Gizartean hedatuago dago eraso matxisten aurkako kontzientzia. Baina Bilbok gehiago ireki behar du oraindik, askeago izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.