Ainhoa Sarasola.
Ubik liburutegiko bitartekarien greba. ANALISIA

229 egun

2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren «oinarrizko pieza bat». Hitz horiekin aurkeztu zuten arduradunek Ubik sorkuntza liburutegia 2016an, ateak ireki zituenean. Oinarrizkotzat jotako kultur baliabide hori, baina, 229 egunez itxita egon da. Bertako langileek baldintza duinak eskatzen eman dituzten egunak izan dira horiek, baita beren eskakizunei erantzunik eman ez zaien egunak ere.

«Erabateko prekaritatea» salatu zuten liburutegiko bitartekariek greba hasiko zutela iragarri zutenean. Ordutegi «itogarriak», 1.000 eurotik beherako soldatak eta oporrak hartzeko zailtasunak zituztela jakinarazi zuten, besteren artean. Eta beren lan baldintzak negoziatzera deitu zituzten azpikontratatuta zituen Sedena enpresa zein Tabakalerako Administrazio Kontseilua osatzen duten erakunde publikoak.

Luze jo du grebak. Eta kultur munduan —nahiz beste hainbat sektoretan— errotuz doan eredu bat agerian jarri du bitartekarien borrokak: azpikontratazioarena, hain zuzen. Sindikatuek maiz salatu dutenez, prekaritateari lotutako eredu batena. Ubik-eko langileena ez baita inondik ere kasu bakarra izan; hala erakusten dute Bilboko Azkuna zentroko mediatekako langileek iaz egin zuten grebak, edo 2016an Bilboko Arte Ederren museoko nahiz Guggenheimeko beharginek egindakoek. Kasu gehienetan, lan baldintzak enpresarekin negoziatu beharrekoak direla izan da langileei administrazio kontseiluek emandako erantzuna. Zerbitzu bat azpikontratatzeak, baina, ez luke erakunde publikoa ardura guztietatik libre utzi behar.

229 eguneko grebaren ondotik, ezinezkoa zela entzuten zuten hori lortu dute bitartekariek, beren lan baldintzak nabarmen hobetzea. Ikusteko dago beste kultur zentro batzuetara helduko ote den soka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.