enekoitz telleria sarriegi
Udal eta foru hauteskundeak. Hego Euskal Herria. BOZ GORA

Estrategiaren estrategiaz

2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Zenbateraino baldintzatzen ditu estrategiak hauteskundeetako emaitzak, edo emaitzek estrategiak. Zenbateraino mezuek bozak, edo bozek mezuak. Hausnarketak dira, boz gora eginak. Zenbateraino baldintzatzen dituzte kopuruek norabideak, edo norabideek kopuruak. Zenbateraino zenbakiek zenbatuak, edo zenbatuek zenbakiak. Zenbateraino balio duten bozek alderdien lau urteroko jarduna baldintzatzeko. Zenbateraino haiek dena badakarte garaipen eta porrot neurrietara. Zenbateraino behin agindutakoek ez dutenean balio hurrena, zenbakiek ez badute ematen horretarako.

Badirelako beti arrakastaren aparretan estrategia ez aldatzearen estrategiak, borroka arlo sozialetara(go) biratzearen alde biratze transatlantikoak egin dituzten estrategiak, albokoaren arrimuan norbere garaipen gisa besteak utzitako papurrak jendaurrean ongi aurkeztera bideratutako estrategiak, berritasun fresko gisa sartu eta ze aldetara eta nola egin jakin gabe batera zein bestera egitearen alde egin duten estrategiak, eta beldurraren trapua espantuka astindu beharraren beharraz agortutako estrategiak.

Badirelako estrategiarik onena eta eraginkorrena aldaketarena dela dioten estrategiak, badirelako aldaketarik gabeko aldaketa onena eta eraginkorrena dela dioten estrategiak, eta emaitzen arabera estrategia ez ezik printzipioak ere aldatzeko erreparorik ez duten estrategiak.

Zenbateraino den politika estrategia, edo haren falta, edo haren erreparorik gabeko unean uneko moldaketa.

Eta zenbateraino den estrategia boz gora eskatzea zenbaterainokoen neurria norberak jartzen ez dakienari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.