Asier Fullaondo.
ARGI ALDIAN

Antzinako B hepatitisa

2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Gaur egun mundu osoan 250 milioi pertsona B motako hepatitisak infektaturik bizi dira, eta urtero milaka hiltzen dira birus horrek eragindako gaixotasunengatik; zirrosia edo gibeleko minbizia, besteak beste. Orain gutxi, Nature aldizkarian, B Hepatitis birusaren inguruko azterketa bat argitaratu dute, baina ez gaur egungo birusaren inguruan, gure antzinako arbasoek pairatu zuten B hepatitis birusaren inguruan baizik.

Gaur egun genomika oso modan dagoen zientzia da eta DNA duen edozer sekuentziatu eta aztertu daiteke. Oraintsu arte, bizirik dauden organismoak sekuentziatu egiten ziren nagusiki eta ezagutza berri asko lortu ditugu modu honetan. Orain dela urte batzuk, ordea, ikertzaile talde askok antzinako DNA laginen sekuentziaziora salto egin dute, hau da, indusketetan aurkitzen diren giza aztarnen DNAren sekuentziaziora. Antzinako lagin horien DNAren sekuentziazioak emandako informazioak gizakiaren eboluzioa nola gertatu den hobeto ezagutzeko balio izan du, beste espezieekin izan ditugun nahasketak zehazteko, gizakiaren migrazioak hobeto ezagutzeko, eta abar. Kasu horietan guztietan, gizakiaren genoma aztertu da, eta orduko gizakien DNA eta gaur egungoa konparatuz, ondorio interesgarri asko lortu dira. Kasu horietan guztietan antzinako eta gaurko sekuentzien konparazioak izan dira ondorioak ateratzeko balio izan duten tresnak; denbora tarte horretan gertatutako DNA aldaketen azterketak informazio interesgarri asko eman digu.

Oraintsu, berriz, ikertzaile talde batek giza sekuentziak aztertu beharrean gizakiaren genomarekin batera dauden birusen sekuentziak aztertzeari ekin dio. Kasu honetan itua B motako hepatitis birusean jarri dute. B hepatitisaren birusa gure zelulen nukleora sartzen da, eta han mantentzen da bere DNA; bertatik partikula birikoak sortuz, gaixotasuna garatuz doa.

Ikertzaile talde honek antzinako gizakien DNA aztertu ondoren konfirmatu du B hepatitisak gizakia infektatzen milaka urte daramatzala, aurretik uste zen bezala. Ikerketa talde hauek beste ikertzaile batzuen lanean oinarritu dira eta sekuentziatuta dauden 200 antzinako giza DNA genomen sekuentzietan B hepatitisaren birusa dagoen edo ez bilatu dute; antzinako hamabi laginetan birusa aurkitu dute, hau da, gizakien %6 infektatuta zeuden. Horrez gain, antzinako birusaren sekuentzia eta egun gizakia infektatzen duen birusen sekuentziak konparatuz, gaur egun Afrikan eta Asian ezagutzen diren birusen antza daukatela behatu da. Beste sekuentzia batzuk, ordea, gaur egungo tximinoek pairatzen duten birusaren antzekoak direla ere nabarmendu dute.

Ikerketa talde honek orain arte ezagutu den antzinako birus zaharrenaren sekuentzia argitaratu du, eta ikerketa esparru berri bat garatzen hasi da antzinako birusen bilaketa. B hepatitisaren birusa aurkitu badugu agian beste hainbat birusen sekuentzia ere aurkitu daiteke, horrek ideia argiago bat emango digularik birusen eta gizakien eboluzioaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.