Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

'Alter ego'-ak. Aurreiritziak

2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Uztailaren hasieran, lanetik etxerako bidean. Autoan. Gozategiren G Puntoa sartu du CD irakurgailuan. Bere burua abangoardistatzat duen alter ego-a aztoratu egin da. Etxera iristerako bospasei aldiz entzun du Aita fandangoa. Oroitu egin da aitaz, haurtzaroko doinuez. Oroitu ez, hezur-haragitan sentitu du bi eskusoinuen botoietatik ateratako minorreko melodia, baita botoien beren zapaltzea ere. Alter ego berrizalea hunkituta, are, malkotan; belarriak jaitsita atera da autotik. Pozik.

Uztailaren hirugarren astean, Tolosako plazan. Bere buruari pop-rockaz aspertuta dagoela sinetsarazi nahi dion alter ego-ari aldakak mugitzen hasi zaikio ia oharkabean Don Inorrezen musikarekin, eta kantuan hasi da, boz gora. Topa egin du ezagutu ez arren han zeuden guztiekin, Bloody Mary bat, Bloody Mary bi... Bakea gurekin izan bedi!

Mukuru betetako jendarteak,musika ekitaldi masiboak, gorroto dituela uste duen alter ego-ak, bederatzi urteko neskatoaren ekimenez itsaso barean sartuta entzun ditu Ruben Bladesen doinu beroak, Jazzaldian. Elkarri helduta dantza egin dute, elkarri ura botaz. Musika paisaiarekin urtu da. Musika badago baina ez dago. Da. Arrastiri udatiarra musika da. Musika arrastiri udatiar da. Pedro Navaja. La vida te da sorpresas, sorpresas te la vida: ai ai...

Borroka betean sartu dira Dabadabara alter ego heterodoxoa eta alter ego pureta. «Hor moderno-ustekoak baina ez dituk egongo, benetako herri musika estimatu ez, eta berniz psikodelikoa emanda, modernitatearen lehen lerroan kokatu uste direnak», bigarrenak lehenari. «Isildu hadi dinosauro alaena, benetako esentzien dastatzaile eta jakitun bakan haizela pentsatuko duk, baina hemen haiz gaur ere!». Meridian Brothers kolonbiarren cumbia berriztua dantzatzen bukatu dute bi sorbaldek, eta haien gainean paratuta bi alter-ego marmartiek.

Iraila. Sorbalden gainean aspaldi erantzitako jaka jarri du; musikaz idazteko zerbait baduela uste duen alter-ego-aren jaka. Aurreiritziz josita. Bloody Mary bat, Bloody Mary bi...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.