urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Dili txikitik

2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Aspaldi buruan neukan bidaia egiteko aitzakia bihurtu dut 40 urte bete izana, munduaren beste puntara joateko. Txango luzeen abantaila da leku askotatik irits zaitezkeela. Eta hala, Ekialdeko Timorren geldialdi laburra egin dugu, Dili hiriburu txikia bisitatzeko egun pare batez. Hemeretzi urte beteko dira abuztuaren 30ean Nafarroa baino handixeagoa den lurralde horretako herritarrek independentzia erreferendumean bozkatu zutela. Aurreko hiletan paramilitar indonesiarrek egindako eraso eta sarraskiei aurre eginez, boto eskubidea zutenen %98,6k jo zuen hauteslekuetara, eta atzo hil zen Kofi Annanek emaitzak jakinarazi zituen irail hasieran: independentziak botoen % 78,5 lortu zituen.

Ia mende laurden iraun zuen okupazioaren eta gatazkaren amaiera irudikatu zuten, oraindik aldi batez iraun bazuen ere, eta ez krimen gutxi eta samin handiz. Izan ere, Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak emaitzak iragarri, eta paramilitarren terrorea berehalakoa izan zen, Dili hiriburuaren inguruan suteak piztu zituzten, nazioarteko behatzaileek herrialdea utzi zuten, eta milaka timortarrek mendi eta oihanetara jo zuen ihesi beste behin, aurreko hamarkadetan hainbatetan legez. Nazioarteko presioak itota eta herrialdearen krisi ekonomikoak behartuta, Indonesiako armadak erretiratzeko agindua eman zuen irailaren 12rako. Batailoi batek Ekialdeko Timorren jarraitu zuen horratik, eta armadak utzitako arma eta ibilgailuekin Dili hiribururantz abiatu ziren, bidean aurkitutako herriak txikituz eta dozenaka herritar hilez. Nazio Batuek onartuta, Australiako misioa Dilira heldu zen, eta hilabete geroago azken indonesiar militarrek alde egin zuten. Hurrengo bi urte eta erdietan, hauteskundeak egin, erbesteratuak etxeratu ziren eta konstituzioa onartu zuten, eta hura indarrean sartu zen egunean, 2002ko maiatzaren 20an, Ekialdeko Timor XXI. mendean Nazio Batuetako kide bihurtutako lehen herrialdea izan zen. 191. kidea zen. Hamasei urte geroago, 193 dira, bi baizik ez baitira sartu Ekialdeko Timorren ostean: Montenegro 2006an eta Hego Sudan 2011n.

Ugariak dira Dilin independentzia-borrokaren aldeko sinboloak, hunkigarriak horietako asko. Independentziak ez zuen berehalakoan ez egonkortasuna ez eta herritarren ongizatean itzelezko aldaketa ekarri. 2007an bigarren hauteskundeak egitear zirela, larri zauritu zuten atentatu batean Xanana Gusmao presidentetzan ordezkatzeko hautagai nagusia, Jose Ramos-Horta. Azkenean presidente bihurtu zen Ramos-Horta, eta Gusmao lehen ministro izan zen; hark ere atentatua sufritu zuen, baina onik irten zen.

Ia turistarik gabeko hiri txiki eta atsegina da Dili, pasealdi batean bisitatzekoa. Urpekarien artean izena egiten ari da, eta egunean dozena erdi hegaldi iristen zaizkio, Bali uhartetik gehienak. Teknikoki Asiako bigarren herrialde katolikoa da, Filipinen ostean, askotan bertako sineskerekin lotutako sinkretismoa izan arren. Santa Cruz hilerria da horren adibide. 1991ko azaroan Indonesiako armadak manifestarien aurka egindako sarraskia inflexio puntua izan zen timortarrek independentzia lortzeko. Hori, eta botere kolonial ohiaren, Portugalen jarrera irmoa Indonesiaren aurrean —ezin konparazioa eragotzi Espainia eta Mendebaldeko Sahararen aldean, biak ere 1975ean deskolonizatu beharrekoak eta une berean okupatuak—. Jakartako diktadurak Washingtonen oniritzia izan zuen inbasioa egiteko, Asian eta Australiako ateetan mugimendu iraultzaile batek estatu bat gidatzeaz izutuago, erregimen militar batek nazio baten laurdena desagerrarazteaz baino. 1989rako, Australiak ere Indonesiaren subiranotasuna onartzeko prest zirudien. Baina Jakarta-Canberra jukutria haren aurkako protesten errepresioa mundua aldatzen ari zen une berean etorri zen, Gerra Hotza amaitu eta AEBentzat arrisku gorria desagertzen ari zenean. Gusmaok ere asmatu zuen bere mugimendu taktiko eta diplomatikoak egiten, eta halako batean Indonesiako diktadura gelditu zen denboraz kanpo.

Demokratizazioak timortarrei barkamena eskatzea zekarren. Harekin batera, autonomia proposamena egin zuen Jakartak, eta erreferendumaren bereizgarria ere hori izan zen: galdera ez zen zehazki independentzia nahi zuten, baizik Indonesiatik zetorren autonomia-proposamenarekin bat zetozen ala ez. Egia da Jakartak ordurako iragarri zuela timortarrek bere planteamenduari ezetz esanez gero, independentzia emango ziola. Eta hala, ezezko masiboa izan zuen autonomia-proposamenak. Annanek emaitza irakurri zuenean, argi zegoen auziak ez zuela atzera bueltarik. XXI. mendean NBEn aulkia lortu zuen lehen estatua bihurtu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.