Danel Agirre.
SASKI DA!

Geldotasunaren misterioa

2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Okultismoa eta zientzia. Aginte-kate erredukzionista dela eta (pisuzko erabaki guztiak gizaseme bakarrak hartu ditu duela 30 urtez geroztik), kerejetologia ezinbesteko hobbytzat du Baskoniaren jarraitzaile orok. Akziodun nagusiaren keinu eta mezuak interpretatu, eta klubaren etorkizuneko maniobrak susmatzen saiatzea denbora-pasa klasikoa izan da Gasteizko kafetegietako tertulietan. Azkenaldian, ordea, ikerlanerako ia erreferentzia guztiak desagertu dira. Egun, Josean Kerejetak erakunde publikoei eskakizun —xantaia— berriak egiteko baino ez du jo ohi komunikabideetara, eta zigilutzat zuen taldea eraldatzeko bere hiperaktibitatea alboratu, eta hutsunez jositako Baskonia behin eta berriz astintzen duten bitartean ez zaio erreakziorik antzeman.

Arrakastatsuak ere, kalera. Krisien kudeaketan, irtenbidea multzoaren eskuetan lagatzearen estrategia zilegi da, baina oraindaino ez zen inola ere Kerejetaren estilo kutuna. Duela ez hainbeste, etenik gabeko bere asmakari eta aldaketei haria kostata zegoen jarraitzerik. Pare bat partidako lagina nahikoa zitzaizkion sarri jokalari txukun askoak alboratzeko (Taylor Rochestie eta beste hainbat), ACB ligara irabazi berritan entrenatzailea kaleratzeko gai zen (Neven Spahija), eta tarteren bat libre geratzen zitzaionean, Bartzelona eta Real Madrilen pribilegioak salatzeko baliatzen zuen, besteak beste. Asteotako Kerejeta immobilista ezezagun zaie zaleei, eta mugimendu ezaren zergatiaz espekulatzen ari dira asko.

Gutxieneko zerbitzuekin. Nobedaderik ezaren inguruan, bi dira kerejetologoen hipotesi nagusiak, bateragarriak akaso. Altxortegiaren balizko egoera errakitiko samarra da lehenbizikoa. Egiazkoa balitz ere (Baskoniaren finantzen argazki fidagarririk eskuratzea ezinezkoa da), ez luke egoera guztiz azalduko: jokalariei soldatak urteetako atzerapenarekin ordaintzen zizkien garaian ere, zuzendaritzak piezak etengabe trukatu izan zituen. Bigarren hipotesia Kerejetaren lehentasunen mudantza da. Alavesek eta nazioartean erositako gainontzeko futbol klubek arreta osoa exijitzen diote, eta pentsamolde horren arabera, saskibaloiaz espero duen bakarra buruhauste gehiegirik ez eragitea da. Buesa Arena gutxieneko zerbitzuekin legoke martxan, alegia. Aukera aztoragarria da, eta kerejetologo batzuk ondorio gordin samar batera bultzatu ditu: egun, Baskoniaren partida garrantzitsuenak Mendizorrotzako berdegunean jokatzen dira.

Gentileren txioa. ACBko kluben egoera ekonomikoak onera egin duena uste orokortua da, ustela bezainbeste. Joan den astean, Toney Douglas antolatzailearen fitxaketa iragartzeko Estudiantesek argitaratu txio ofizialari erantzuna idatzi zion joan den sasoia klubean eman zuen Alessandro Gentilek: 2018-2019ko sasoiko soldata kobratzeko du oraindik. Duela bi hilabete, taldekide zuen Gian Clavellek antzeko salaketa publikoa egin zuen. Hiru jokalari izan ezik beste guztiak aldatu ditu udan Estudiantesek, eta zergatia irudikatzea ez da oso zaila. Horrez gain, Dario Brizuela saltzeko operazioan kale egin, eta inola ere pagatu ezin dion 600.000 euroko kontratua sinatu behar izan dio. Estudiantesek eta adostutako hitzarmenak betetzeko gai ez den klub orok —bere garaian Baskonia, Bilbo Basket eta Gipuzkoa Basketek, esan gabe doa— ACBtik eta Euroligatik automatikokikaleratuta behar luke jornalen lehen atzerapenarekin. Liga horiek sinesgarritasun apurrik balute.

Zulo beltz bat. Estudianteseko zuzendaritza berriak ogasunarekin pilatutako aspalditik zorraren zama arindu nahi du, kapital-zabaltze bat baliatuta. Fernando Galindo presidentea klubarentzat erosle bila dabil, eta ez du errealitatearen gordina ezkutatu nahi izan: ACBko klubak negozio negargarria dira, eta jabe berriak dirua harrika botatzera doala barneratu beharko du. Joan den sasoian, ehun milioi euro galdu zituzten 18 kideen artean (Bartzelona eta Real Madrilenak dira zenbatekoaren bi heren). Arnasketa artifiziala dute guztiek, izan futbola, babes publikoak, edo mezenas pribaturen bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.