urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Amazigen ordua

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Magrebeko lagun askok bazekiten aste berezia zela hau, baita Europan diren milaka lagunentzat ere. Kabilian nagusiki, era berezian omendu dute Lounes Matoub, haren hilketaren 20. urteurrenean. Musikaria, poeta, pentsalaria, ekintzailea eta, batez ere, kabiliarrek eta amazigek oro har maite zuten gizona zen. Haren kantak ahoz aho bizi dira, etengabe kantatzen dituzte edozein ekitaldi politiko zein kulturaletan; amazigen edozein elkarretaratzetan ezinbestean behar dute Lounes Matouben kantek. Hilketa baino hamar urte lehenago polizia batek bost tiro eman zizkion, doi-doi lortu zuen bizirik irtetea. GIAko salafistek ere zerrenda beltzean jarri zuten gerra piztu eta berehala, onartezina zitzaien arabiartasunari uko eginda amazig nortasuna aldarrikatzen zuen kantari hura, ateismoari kantari (ezkerrak Europako kaleetako islamistekin daukan utzikeria ikusiko balu, eskuin muturrarekin ez nahasteko antzu, eta diskurtso antiklerikala bidenabar eskuin mutur horri uzten gaizki ulertutako kulturartekotasunaren izenean). Orduan argiago zegoen, Euskaldunon Egunkaria-n argitaratutako salaketa artikuluak horren adibide. Joxe Ripiauk handik gutxira argitaratutako Paradisu Zinema diskoan Lounes Matoubi eskaini zion Kabilia hautsia da coraçao kanta.

«Amaziga zinelako baino ez zintuzten hil, zure kausarekiko konpromisoagatik, kantatzen zenuen bakoitzean, amazig herriaren, gure herriaren sentimenduen eta aldarrikapenen bozeramaile bihurtzen zinelako», idatzi zion orduan Khalid Amzir bilbotar amazigak, San Frantzisko kaleko Berebar tabernaren sortzaileak. «Aurrerakoia zinelako hil zaituzte, eta intrantsigenteek gorroto duten hizkuntza batean jaurtitzen zenituelako zure aldarrikapenak. Hil egin zaituzte, Lounes Matoub, eta zure hilketarekin imazighn guztiak pixka bat hil izan nahi gaituzte, bizi Aljerian, Tunisian, Marokon zein Europako edozein herrialdetan».

Duela aste batzuk Kabilian ibili nintzen, aurki argitaratuko dugun erreportaje sorta bat egiten. Kamira Nait Said Munduko Amazig Kongresuko buruak kalean, unibertsitatetik hur jarri zuen hitzordua, han inguruko ostatu batean elkarrizketatzeko. Estatuaren kontrola handia zela, baina euren indarra handiagoa, nabarmendu zuen. Egun gutxi ziren tuaregen sarraski batizan zela Malin, eta han, ia Mediterraneo ertzean, Sahararen beste aldean jazotako krimenaz mintzo zitzaidan. Afrikako iparraldeko nazioa estatu guztietako marrek zatitu eta estatu guztiek baztertua. Asteon Lounes Matoub-en hilobian omenaldia egin ostean irakurri ditut Kamiraren lerroak: «Milaka arrosa jarri ditugu zure hilobian:gure sumina, gure matxinada eta justizia-egarria oihukatzera etorri gara. 20 urte egiarik eta ikerketarik gabe. Zure ostean 129 kabiliar gazte, 50 mozabita, riftarrak, azawad-tarrak, asasinatu dituzte. Zure ostean gure neba-arreba mordo bat daude bidegabeki preso. 20 urteberanduago, borrokak eta erresistentziak aurrera jarraitzen dute».

Etorkizuna aurreratu zuen kabiliarrak. 48 ordu ere ez, eta Aljeriako herri matxinoaren omenaldi eta justizia-aldarrikapenetik (sekula ez da argitu Lounes Matoub-en hilketan estatuaren aparatuek zenbateraino parte hartu zuten), Marokoko herri matxinoaren aurkako kolpera. 2016an piztutako protesten atzean egotea leporatzen dieten Rifeko ekintzaileei gutxik espero zituzten espetxe-zigor gogorrak ezarri zizkieten. Euskal Herrira Garabideren hizkuntza-biziberritzeko ikastaldira etortzear zen Nasser Zafzafiri, esaterako, 20 urteko zigorra ezarri diote, Hirak mugimenduko beste hiru buruzagiei legez. Atzo dozenaka lagun irten ziren protestan Bilbon, Rifeko bandera gorriarekin zein amazigen ikur koloretsuarekin, euskarazko, amazigerazko eta espainolezko oihuak tartekatzen Rifen alde.

Marokok lehendabizi, Aljeriak gero, amazigera ofizial onartu behar izan dute azken urteotan, gehienetan ia ondorio praktikorik gabeko erabaki politikoak izan badira ere (eskoletan orduren bat, hedabideetan erabilera, askoz gehiagorik ez). Baina bietan arabiartasunetik eta ukaziotik eraikitako estrategia berbera. Ez da harritzekoa bateko zein besteko ekintzaileek kurduekiko sentitzen duten hurbiltasuna: arabiar hedapenaren bi mugetako herriak dira, sarritan panarabismo ezkertiarrez mozorrotu den ez inperialismo bat. Eta kurduekin legez, elkarrekin, noski, Kabiliatik Rifera, Saharako tuaregengana zein Libiako amazigengana. Ustez elkarren aurkari diren estatuak ere, Maroko eta Aljeria, oso antzeko bihurtzen baitira amazigak zigortzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.