urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Epaileak auzitan

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Herrialde bateko gobernu edo estatu buruaren ostean, lurralde horretako parlamentuak aginte berezia du: teknikoki eztabaida arautzea baino ez da haren lana, baina legean aitortutako ahalmenen artean dago, besteak beste, herrialdearen gidaritza, aipatu estatu edo gobernuburuek hala egiterik ez dutenean. Venezuelan, hala argudiatzen du oposizioak Juan Guaidoren zilegitasuna: presidenteak irabazi zituen hauteskundeei aitortzarik ez, eta, ondorioz, parlamentuko buruak hartzea ardura hori. Baina egia da, nork bere herrialdekoaz gain (eta tarteka AEBetakoa), gutxitan ezagutu ohi direla munduko parlamentuetako presidenteak. Hala ere, John Bercow Komunen Ganberako speaker-ak sona berezia hartu du asteotan, brexit-aren eztabaidaren harira egindako lanaren ondorioz. Normalean, bozak irabazi dituen edo, zehazki, gobernua eratzea lortzen duen eta ondorioz gehiengoa izan ohi duen alderdikoa edo koaliziokoa izaten da, baina era berean inpartzialtasuna eta neutral jokatzea eskatzen zaio.

Hywel Williams galestar diputatu abertzaleak galdetu zion, lanaren inpartzialtasunean gehiegi bustitzerik ez zuela jakitun —Carme Forcadellen egoeraz inolako egoera konprometigarrian jartzeko asmorik ez zuela ohartarazita— ea Bercowk arazorik izango zukeen ganberan Galesko independentziaz eztabaida bat ahalbidetzeko. Theresa Mayren exekutiboa behin baino gehiagotan haserretu bazaio ere, Bercowk tory jatorria dauka, eta alderdi horren izen ofiziala kontserbadore eta unionista da. Bercow ingelesa izaki, pentsatzekoa da ez duela begi onez ikusten Irlandaren batasuna edo Eskoziaren independentzia, are gutxiago Galesena —Espainiaren konparazio, nazionalismo ingeles arrazistak izan du tarteka, brexit-arekin baino are bakartuago jotzeko tentazioa, iparraldeko oraingoz herrikide aurrerakoiez libratzeko Ingalaterra, adibidez—. Baina zalantzarik gabe eztabaida hori onartuko lukeela erantzun zion Bercowk, eta bere uztatik erantsi zuen: «Ondo gogoratzen dut Forcadelli ongietorria ematea, pribilegioa izan zen niretzat. Diputatu jaunaren galderari dagokionez, esango dut erabat legezkoa dela etxe honetan Galesko independentziari buruzko eztabaida egotea. Diputatuek immunitatea dute Ganbera honetan esandako hitzengatik, eta ez dute inolako arazorik izaterik adierazpen askatasuna erabiltzeagatik. Areago, presidente naizen neurrian, nik ere immunitatea daukadala debateak gobernatzerakoan. Uste dut zorioneko garela gure neurriekin, eta uste dut agian baluketela neurri horiek imitatzea demokraziarekiko konpromisoa aldarrikatzen duten batzuek».

Eskoziar diputatuak, gorbatak, zapiak eta bestelako arropa horiekin egon dira egunotan ganberako saioan, katalan auzipetuekiko elkartasunez. Nabarmen aldatu dira garaiak 2014ko galdeketan Europako edo munduko beste nazioetatik ezer jakin nahi ez zuten sasoi hartatik —independentzia eskueran dagoenean logikoa ere izan litekeen jarrera berekoia, ziur aski, munduko estatuei erakusteko haiengandik hurbilago zaudela, laster utziko duzula uste duzun territorio abertzale edo independentisten klub errebeldetik baino—.

A ze kontrastea Bercowren hitzak Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidentearekin alderatuta. Ganberaren immunitatearen eta adierazpen askatasunaren defentsan bata, eskubideen murrizketan bestea, bihar Bruselan Carles Puigdemont eta Quim Torra lehendakariek ematekoak ziren hitzaldia debekatzean.

Espainiatik «propaganda separatista» indargabetzeko hartutako neurriak are negargarriagoak izan dira: Irene Lozano UPDko kide ohia fitxatu zuen Pedro Sanchezek. Asteon Sky News katean bortxaketarekin konparatu du U-1a: bikotekidearen oniritzirik gabe sexua izatea bortxaketa den bezala, legearen baimenik gabe bozkatzea delitua dela bota zuen lotsarik gabe; entzuten ari zena sinetsi ezin zuen aurkezleak berriz galdetu zionean, hanka ateratzeko baliatu beharrean ideia bera berretsi zuen. Washington Post-etik Suddeutsche Zeitung-era irakur daitezkeen lerroen doinuak errepresioan urrunegi jo duen estatu bat aurkezten du.

Ostegunean, greba orokorrera deitu dute Katalunian. Barruko tentsioa gora doa, eta egia da kanpoko arreta ere bizkor itzali ohi dela, baina asteon Madrilen ikusitako argazkia —gobernu bateko kideak, eta parlamentukoak eta gizarte zibilekoak auzipetuen aulkian— luzerako geldituko da, Espainiaren lotsagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.