Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Jaio, sexua, hil

2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Jaio, bizi eta hil. Hori da bizidun guztion saihestu ezinezko ibilbidea. Halere, bizidunon bizi-itxaropenak ezberdinak dira oso. Adibidez, bizitza laburrena duen animalia intsektu bat da, efemeroptero edo efimera deiturikoa. Gaztea denean, kapuluan urtebetez egon daiteke. Helduarora iristen denean, aldiz, asko jota egun bat irauten du bizirik. Gastrotriko zizare mikroskopiko urtarren bizi-zikloa ere soilik 3-4 egunekoa da. Maiz hain gorrotagarriak iruditzen zaizkigun eulien bizi-itxaropena, berriz, 15-30 egunekoa. Erle langileak ere jaio eta hilabete eskasera hiltzen dira, baina erle erreginaren bizitza lau urtez luza daiteke. Antzekoa gertatzen da inurriekin. Erreginak 30 urte edo gehiago bizi daitezke; langileak, ordea, hilabete eskas bizi dira.

Aitzitik, badaude ehunka urteko bizi-itxaropena daukaten hainbat animalia espezie, hala nola txirla, karpa, balea, dortoka eta sugandila espezie batzuk. Hala ere, gaur egun bizirik dirauen bizidunik urtetsuena ez da animalia bat, zuhaitz bat baizik: Norvegian dagoen 9.500 urteko izeia.

Hainbat faktorek baldintzatzen dute bizidunon bizi-itxaropena, eta, oro har, esan dezakegu ez dakigula noiz bukatuko den gure bizitza. Bizidun semelparoek, ordea, ondo asko ezagutzen dute euren patua: ugaldu eta gero hilko dira.

Ugalketa suizida nahiko ohikoa da naturan. Izan ere, landare erreinuko espezie asko, hala nola barazki batzuk, eta urteroko zein bi urtez behingo landare gehienak semelparoak dira. Animalien erreinuan ere hainbat adibide topa ditzakegu. Esaterako, erlamandoaren eta erle erreginaren arteko estalketak gehienez bost segundo irauten du. Baina, arrendako hain intentsua denez, amaitu bezain pronto hil egiten dira. Ozeano Bareko izokinak ere arrautzak jarri eta ernaldu ostean hiltzen dira. Mikroorganismo urtarrek izokinen gorpuak deskonposatzen dituzte; eta ondoren, udaberrian, izokin-kumeak arrautzetatik ateratzen direnean, mikroorganismo horietaz elikatzen dira.

Ugaztunen artean, lau marsupial espezie ezagutzen dira beren baliabide eta energia guztia ugaltzera bideratzen dutenak. Besteak beste, Antechinus buztan beltz espezieko ar asko, Australian bizi direnak eta sagu itxura daukatenak, 12-14 orduko parekatze bizi eta nekagarriaren ondorioz hiltzen dira. Izan ere, bizitako tentsioaren eraginez, barneko odol-jarioak izaten dituzte eta gorputzeko ehunak desegiten zaizkie. Armiarma ar batzuei ere antzekoa gertatzen zaie: espermatozoideak emeari isuri ostean, gure odolaren parekoa den hemolinfa galtzen dute, eta ondorioz, hil egiten dira.

Badaude animalien erreinuan ugalketan zehar edo ostean bikotekidea erailtzen dutenak ere. Adibiderik ezagunena Mantis religiosa edo marisorgin intsektuarena da. Koitoan bertan, emeak burua mozten dio bera estaltzen ari den arrari, eta jan egiten du. Olagarro espezie askok ere, estalketaren ostean, borroka sutsua izaten dute garroak korapilatuz. Batzuetan, arrak ihes egitea lortzen du, baina gehienetan, emeak itota hiltzen da.

Eskerrak gure patua ez dela azken horiena! Bestela, zer aukeratuko zenuke? Bizi, ala sexua eta hil?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.