Nerea Ibarzabal
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Ura eta azukrea

2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Zenbakiekin eta logikarekin zerikusia zuten ikasgai denak zingiratsuak ziren niretzat eskola garaian, baina aitortzen dut Natur Zientzietako zenbait printzipio ez ditudala sekula ahaztu, edo —sinestezina!— baliagarri suertatu zaizkidala bizitzan. Likidoen asetasun mailarena oroitzen nabil egunotan. Frogatuta dago likidoek disolbatze gaitasun mugatua dutela, eta behin asetasun horretara iritsitakoan, ez dutela gehiagorik onartzen; edo bestela esanda, baso bete uretan azukre mordo bat botatzen badugu, urak ahal duena disolbatuko duela eta gainerakoa edalontziaren hondoan geratuko dela, hondartza amestuetako harea fin eta zuria bailitzan. Gauza sinplea dirudi, baina baldintza honek sustengatzen ditu kafe kikaretako etorkizun-iragarle guztiak.

Niri zoragarria bezain sinestezina iruditu izan zait urte luzetan zehar. Zelan da posible likidoak kontzientzia hori izatea, hain argi jakitea noiz den nahikoa? Seguru al gaude amaieran ez lukeela dena xurgatuko, koilararekin asko eta fuerte eraginez gero? Kolakauarekin behintzat lortzen nuen nik.

Eta burugogorkeria horretan, uste dut hamar urte inguru daramatzadala dagoeneko frogatuta dagoen baldintza natural bat irauli nahian. Dena bizi dut masiboki, zuk ez? Ez al zaizu iruditzen urez betetako edalontzi bat bazina, zure bizitzaren metafora trailer bat litzatekeela zugana gerturatzen atzeranzko martxan, pi pi pi pi, eta tona bat azukre zure gainean husten? Eta zu bitartean hor koilararekin bueltak ematen, ase ote zaren pentsatu barik, dena disolbatzea lortuko duzula sinetsita.

Gerta dakizuke pertsonekin, zaletasunekin, lanarekin, lekuekin. Dena aldi batean nahi duzulako, dena orain, munduko onena da gertatu zaidan hau, bua. Pentsa, ni heldu izan naiz kantu berri bat deskubritu eta 30 aldiz jarraian entzutera, letrak buruz ikasi ahala berben esanahia erretzeraino, lehenengo aldiaren emozio oro kimatzeraino errepikapen bakoitzarekin. Anestesiatu egiten zara azkenerako, eta ia ez duzu ezer sentituko kantu hori— pertsona hori, zaletasun hori...— entzuten duzun hurrengo aldian —bost urte pasata irratian kasualitatez jartzen ez badute behintzat; hor bai, irratian desberdina da—.

Baina gauza bat da azukre kopurua norberak kontrolatzea eta kontsumoa autogestionatzea, bere ondorio guztiekin, eta beste bat kanpoko eragileek ere zure asetasun maila proban jartzea. Ez datoz trailerretan, eraginkorragoak direlako aldian aldiko azukre-koxkorrak, horrela ez diruditelako hainbeste bortxaketa —jai bakoitzeko hiru besterik ez— edo hainbeste gaztetxe desalojatu, hainbeste karga polizial, hainbeste eskandalu, falazia. Koilararekin fuerte eragin, nahastu, arreta desbideratu eta dena disolbatuko dela sinesten dute, lortu izan dutelako.

Auskalo zenbat azukre-koxkor, auskalo zenbat urtetan zehar. Ziur gaude aspaldi gainditu genuela asetasun maila, baina erantzuten hasten garenean biolento ez jartzeko esaten digute, ez esajeratzeko, hor ez dagoela hainbeste azukre eta ez dutela sinesten hainbeste disolbatu dugunik benetan. Ez egin zalantzarik, zuk ondo dakizu zein zapore nazkagarri daukan. Beti da azukre berdina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.