Nerea Ibarzabal
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Zenbat

2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Galdera konprometitu bat egin didate duela gutxi, eta zeuri ere egin egingo dizut—orain ez zara libratuko, barruraino sartuta zaude nirekin honetan—. Halaxe bota zidan: zenbat aldiz jo duzu larrua gogorik izan barik? Plast, ederra galdera, ezta? «Zenbat aldiz» galdetzen zuen, dagoeneko argi zeukalako aldi bat baino gehiago izango zirela, eta beharbada horrek utzi ninduen shock-ean, ez ezkutatu nahiko nukeen sekretu bat deskubritu zuelako, baizik eta une hartantxe ohartu nintzelako neu ere ez nintzela gai aldi denak zenbatzeko.

Inoiz jo al duzu larrua gogorik izan barik? galdetu izan balit, edo balizu, seguru itzulinguruka galderari ihes egiten saiatuko zinatekeela, hasiera batean ezetz pentsatu nahi izango duzulako, zuk beti egin izan duzula larrutan konbikzio osoz, baina gero tantaka oroituko zara egun hartaz, gau hartaz, festa haietaz, tipo hartaz. Eta ez zenuke jakingo kontatzeak merezi duen ala ez. Beraz, beharbada hobe zuzenean galdetzea «zenbat aldiz», eta horrela problematika orokor bat dagoela aitortuz hasten gara berbetan —eta zenbaki batekin erantzun dezakezu—.

Ari zara erantzun bila? Batzuen zerrendak besteenak baino luzeagoak izan daitezke. Oroitzen harekin zeneukan tonteo hura? Mezu eta begirada trukaketak bi hilabetez, eta parrandan egin zenuten topo. Zuk egun hartan beste bat zenuen begiz jota, edo ez zinen sexu gogoz atera, besterik barik, baina bera etorri zen eta... tokatu egiten zen. Bestela zelan hasi azaltzen gaur ez duzula nahi, baina etorkizunean agian baietz, gustuko duzula berez... ba, egin eta kito. Edo beste harekin, sofa hartan, zure lehen aldia. Zuk nahiago zenuen beste baterako utzi, gurasoak edozein momentutan sartuko zirelako etxera, baina zelan esan hori dagoeneko larrutan egitea zer den badakien bati, zurrun bat zarela pentsatuko luke. Min handia ematen zizun, baina lasai egoteko zioen berak, normala dela.

Dagoeneko kotxean sartu zinelako, dagoeneko portalean zeundetelako, dagoeneko lagunak etxera joanda zeudelako, dagoeneko muxuak eta zirriak egon zirelako, dagoeneko esan zeniolako logura handia zenuela, baina berak aurrera egin zuelako, dagoeneko biluzik zeundelako ohean, larrutan. Eta zelan esango diozu ba orain ezetz, orain ezin diozu esan ezetz, gutxiago herrikoa bada, gutxiago laguna bada, are gutxiago bikotekidea bada. «Amaitu dezala berak bizkor, eta bakea». Tesi bat egin daiteke esaldi honek esaten duen guztiarekin.

Galdera konprometitua egin zidan emakumea Malena Pichot izan zen, argentinar umoregilea. «20 urte inguruko emakume heteroa bazara galdetzen dizut batez ere», esan zidan —berak 30ak beteta arazo gutxiago omen dauzka kontu honekin, poztuko naiz hala bada—. Bere bakarrizketa bat ikusten ari nintzela bota zuen galdera, berez Argentinako txokoren bateko aretoko ikusleei zuzendua, baina nik neuretzat hartu nuen, niri berbetan ari zen. Publikoko jendeak barre egiten zuen, eta nik ere bai sofatik pantailara begira, baina jakin nahi nuke bakoitzak zer bizipeni kendu zion hautsa gau hartan. Umoregile feminista hauek! Suntsitu egingo dute etxera inongo hausnarketarik egin beharrik gabe itzultzen uzten zizun umore oinarrizkoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.