Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Baikor, ezkor

2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ezinak gustuak aldatzen ditu. Ahalak, gehiago. Ezinak on dezake gizakia. Ahalak, nekez. Amodioa? Semenean merkurioa ikusi zuenetik, ez zen gehiago ausartu. Baikorren eta ezkorren arteko aldea ez dut beti argi atzeman. Alderdi bat izan daiteke baikorrak aldakuntza guztiei hegal onen bat suposatzen diela, eta ezkorrak ez duela aldakuntzarik nahi. Baikortasunak dezepzio handiak ekar ditzake. Ezkortasuna ez da lagun ona, baina oso zaila da —agian, innoblea— baikortasuna gomendatzea ez dela gertatuko badakizun zerbaitez.

Baldin artera mugatuta bizi ez bazara. Orduan argi dago. Euforia izan daiteke errenazentista jenial baten unea. Tristura izan daiteke erromantiko jenial baten unea. Euforia gehi tristura izan daiteke jenio unibertsal baten unea. Euforiarekin, bazterra jotzean, triskantza handiagoa egingo duzu. Tristurarekin, normalki, bazterrean zaude. Hegal batetik bestera ezin baita iritsi erditik igaro gabe, nahiago dut unibertso jenial bat izan.

Zahartu. Baikor? Zahartzaroa erresistentzia da. Hortik abiatuz gero, atsegin handiak etor daitezke. Bizitza garantiaz gozatzeko, pixka bat ezkor izan behar da. Lehen premien maila plazergarritik gora, nekez izan daiteke zorion osorik. Mundua neuk asmatua balitz ere, asegaitz nengoke, gizakia baita animalia bakarra, ase-puntuan gelditzen ez dakiena. Sena indar koherentea da. Adimena oso dohain arraroa da. Jendeak arrazoitzen dakien moduan jokatuko balu, mundua maitagarria litzateke.

Bakoitzak bereari jarraitzeko era arrazonatuak asko izatea defentsa handia da munduak azpian hartzen dituenentzat. Asmatzen ez dago erraz, baina infinituak gara errore-ahalmenean. Garbi esanda, besteen gaitz handiek ez naute gehiago abailtzen neure gaitz txikiek larritzen nautena baino. Limitazio horren azpitik, solidario izan naiteke immolazioraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.