Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Gurutzeko Kristo

2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Fernando Beorlegi pintore eibartarrari galdetu zioten: «Ez al da zaila zure pintura aztoragarriekin bizitzea?» Erantzun zuen: «Gauza zailagorik egiten da! Badira euren logelan gurutze bat daukatenak». Ez, Fernando! Atsegin handi bat eragingo ez balu, ez legoke gurutzerik oheburuetan, banderetan, tontorretan. Ez lebilke eskoteetan, autoen ispiluetan, tatuaje sakonetan. Ez al duzu ikusten zein samurki muin ematen zaion zorionean, eta zein larriki, desesperazioan?

Begira nago Kristo Gurutzekoaren eskultura prototipiko bati, eta hedonismo lokartu baten estanpa dirudi. Azala depilatua du, lozio hauta batekin igurtzia. Soldadu trakets batek egitekoa ez da hori. Beso eta ahur iltzatuak erabat laxo daude, iltzeei doi-doi eusten, aska ez daitezen. Oinak elkarren gainean pausatzen dira, belaun bat bestearen gainerantz saiatuz, probatzeko bezala ea joateko moduan dauden. Dantza lasai baten mugimendu suabe bat ere izan daiteke, buruaren kontrako simetriak iradokitzen duela: Ez! Egon hemen pixka batean.

Begiak itxita daude, baina, aurpegi makurtuaren norabidetik, garbi ageri da oinetako iltzea ikusi nahi dutela. Horretarako alboratuko zen apur bat belauna. Aurkitu dute begiek iltze-burua. Oreka kruziala. Hementxe gaude ondo. Une batez iruditu zait hilda zegoela, bake-bakean iraungia, baina hil batek ezin du horren gustura egon.

Ez, Beorlegi. Zure pintura aztoragarriekin bizitzea zaila izan daiteke, baina gurutze honi serenitatea, gozotasuna dario. Erosa ere baietz esango nuke. Michelangeloren Kristo biluziari begira nago. «Heldu baten burua eta nerabe baten gorputza», diote adituek. Paparraren lautasun nabariak ahalegin aparteko baten ondorio dirudi, nondik atera behar baita, bular omitituak eta iztai arteko detaile leundua salbu, egilearen gogoan Jainkoaren Seme Femenino bat dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.