Pastor
DARWIN ETA GU

Galdu zen gizona

2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Katalan independentisten aurkako errepresioa salatu du Quim Monzok, Letra Katalanen Ohorezko Saria jasotzeko ekitaldian. Idazle katalanak frankismoko bizipenak gogoratu ditu. Bartzelonako Sants auzora hilean behin joaten zen bibliobus-ari buruz mintzatu da. Han liburuak uzten zizkieten herritarrei, maileguan. Gerra aurretik sortutako tradizioa zen. Ibilgailu horietako batean ezkutatuta abiatu ziren erbestera Kataluniako zenbait idazle, frankistak hiriburuan sartu baino lehen: Merce Rodoreda, Joan Oliver, Armand Obiols eta Francesc Trabal. Monzok adierazi duenez, Kataluniatik atzerrira babes bila alde egiten segitzen du jendeak, oraindik ere. «Ez ahal dira bibliobus-ak gehiago erabiliko pertsonak, idazleak izan edo ez, injustizia, zapalkuntza eta tiraniatik ihes egiteko».

Katalanaren egoeraz kexatu da Monzo, elkarrizketa batean: «Hirueledunak gara. Espainolez eta katañolez mintzatzen gara, eta banaka batzuk, katalanez». Espainian ere kexu dira, baina ingelesaren eraginagatik. ABC egunkariak artikulua argitaratu du, alarma pizteko. Anglizismoz josita omen dago espainiera: take away, shakes, fresh juices, running, fashion week eta beste. Zer ez dugu guk esango. Euskañolez mintzatzen gara. Hori gutxi ez, eta Zaragozako andre bat dator, inperioaren ordezkari, manifestazioak antolatzera. Bortzirietako euskaldunei haien hizkuntza ez inposatzeko eskatzera. Lurralde konkistatuan bezala jokatzen dute. Erratzura badoaz, ezustekoa: «Oye, qué mal habla castellano la vieja del caserío, ¿no?».

Halakoak ditugu gure nazionalista ez-nazionalistak. Borrell jakobinoari saria eman diote, Katalunia fumigatu eta desinfektatu egin behar dela esan duen arren. Ez da galduko gizona. Grande-Marlaska eskuak igurzten hasiko litzateke, ustezko hizkuntza inposizioa kritikatzen dutenekin berdin egin beharko litzatekeela esango bagenu. Hori ere ez da galduko, ez. Eskerrak oraindik baden argi hitz egiten duenik: espainiera ordezkatze hizkuntza dela esan du Generalitateko Kultura sailburuak, Laura Borras andreak. Kolonizazioaren ondorioa. Ea Jaurlaritzako zein buru ausartzen den hala mintzatzera. Ez du zertan Karrantzan esan. Aulestin, nahiko.

Ordezkatze linguistikoaren prozesua ez da goizetik gauera nabaritzen. Sumagaitza da. Harik eta egun batean esnatu, eta haritza ez dela gehiago haritza konturatzen zaren arte. Roble da. Eta zerua, cielo; mahaia, mesa. Eta «zoaz pikutara», «vete a la mierda». Pikutara bidali zaituzte.

Ines Arrimadas zarataka hasi da, Borrasen berbengatik. Zer dela eta kolonoak deitu «Katalunia altxatzera etorri zirenei». Lerrouxista gazteak erantzun zorrotzak jaso ditu gurasoak kanpokoak dituzten edo ez dituzten katalanen aldetik: «Ines, aita herrian goseak hiltzen zegoelako etorri zen hona. Hemen ez zizuten ezer oparitzen, baina aukera ematen zizuten familia duintasunez aurrera ateratzeko». Beste bat: «Mantra hori, Katalunia altxatzera etorri ziren dioena, mespretxua da Katalunian bizi zirenentzat. Nire arbasoak Harri Aroan bizi zirela esatea bezala da. Pertsona haiek zergatik joan ziren sorterritik? Eta zergatik etorri ziren hona?». Hirugarrena: «Kataluniara lana zegoelako etorri nintzen; ez nintzen ezer altxatzera etorri. Nire izenean hitz egitea debekatzen dizut. Hemen lagunak egin nituenez, eta amodioa ere aurkitu nuenez, berton geratu nintzen. Eta inoiz ez nuen nahi izan nire harrera etxeak utzi nuen etxearen antzik izan zezan, inondik inora ere».

L'home que es va perdre -Galdu zen gizona- liburuak Lluis Frederic Picabiaren istorioa azaltzen du. Gizonaren bizitza etengabeko galerek osatzen dute: andregaia galdu du, diru-zorroa, erlojua, euritakoa... Azkenean, galtzea arte bihurtuko du Picabiak: 1.800 Ford galduko ditu Hondurasko autodromo batean, 5.000 ume txinatar Tampicon (Mexiko), Suediako Koroaren bitxiak... Umorez eta sinboloz betetako testua da. Oso originala, sortu zen garaietarako. Francesc Trabalek idatzi zuen, 1929an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.