Ekhi Erremundegi Beloki.
ANALISIA

Beldurraren estrategia

2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Irun-Hendaia muga. Ordainlekuan. G7koena baino astebete lehenago, apainketa prest da: polizia gehiago, eta Halte police! (Geldi, Polizia!) panelak lerro bakoitzean. Kontrol zorrotzik ez da, baina handik pasatzen denak irudika dezake zer itxura izanen duen laster. Irudimenak ez du mugarik.

Urtarrilean lehen agerraldia egin zutenetik usu aipatu dituzte goi bileraren harira jarriko dituzten segurtasun neurriak: Miarritze bunkerizatua; Ipar Euskal Herria kontrolpean; aireportua eta, tren geltoki gehienak, itxiak; trenik kasik ez, autobusak geldirik; BAB hiriguneko errepide nagusi batzuk moztuak. Kaosa iragartzen dute, zirkulatzeko «zailtasunak» izanen direla erranez. Nolako kaosa? Bakoitzak irudika dezala. Irudimenak ez du mugarik.

Eta irudikatu ezean, prentsan agertu dituzte Frantziako armada ezartzen ari den instalazioak. Jendarmeriaren helikopteroak hirien gainean dabiltza.

Arrisku maila «handia». Behin eta berriz erran dute. Behin eta berriz entzun dugu. Samuel Vuelta Simon prokuradoreak erran du berriki: «hemengoekiko» konfiantza du, baina «beste herrialde batzuetakoak» dena haustera etorriko dira. Kanpotik datorgaiztoa. Eta entzutearen entzutez, irudikatzen dugu: beltzez jantzia, begiak gorri, odol gosez. Bazter nahasleak. Adierazpen batetik bestera sortu dute giroa; gainerakoa gure irudimenak egin du.

Eta gero, badira irudiak; azaroaren 17tik astero ikusi ditugunak. Granadak lehertutako eskua, LBD 40ak zulatutako begia, odola darion borra... «Beldurra eragiteko borondatea agerikoa da. Mezua argia da: manifestazio batean parte hartzen baduzu, larri zauritua izateko arrisku handia duzu», zioen Pascale Pascariello Mediaparteko kazetariak BERRIAn.

Jendea etxean nahi dute. Etxean, geldirik eta txintxo. Eta oraingoz, lortu dutela dirudi. Tentsio eta beldur giroa nabarmena da, eta batek baino gehiagok aipatu du etxean gelditzeko asmoa. Gertatuko dena aurreikusten, irudikatzen saiatzen ari dira anitz. Eta irudimenak ez du mugarik.

Horren aitzinean badira gutxienez bi arrisku. Lehena, gurea; hedabideena. Segurtasun neurriak eta sortuko dituzten arazoak, poliziaren bortizkeriak... ezin ditugu aipatu gabe utzi, baina, ez ote dugu psikosia elikatzen? Lerro hauek kezka horren ondorio ere badira. Bigarren arriskua, militanteena. Agintariek inposatu txintxo eta gaiztoen banaketan erortzea. «Gu ez gara bortitzak, besteak dira» erran nahi duten mezuak, ahantziz, borroka molde desberdinak izanik ere G7koen goi bileraren kontra mobilizatuko diren guziak pankartaren alde berean direla.

«Keep calm!» oihukatu nahi luke batek baino gehiagok.

G7 Ez plataformatik anitz erran dute mobilizazio jendetsu bat dela beldurraren estrategiari aurre egiteko biderik onena. Agintariek beldurra elikatzen duten bitartean, militanteek dute giltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.