Danel Agirre.
SASKI DA!

Hiriarentzat eta lurraldearentzat

2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Ezinbesteko konplizeak. Euroligak Gasteizko Lauko Finalerako 170 boluntario errekrutatzeko deialdia argitara eman berri du, Hala Bedi irratiaren arretari esker jakin ahal izan dugunez. Euskal herritarrei zuzendutako eskaintza dirudi, egonaldia (asteburu horretarako hotel logela merkeena gaueko 300 eurotan dago) eta joan-etorriak ordaintzen ez direla kontutan izanda. Ordaindu, egiari zor, ez da fitsik ere ordainduko. Hutsaren truke ariko dira amarruan jausten direnak:Euroligak «eskarmentua pilatzeko» abagunearen falazia ustel ezaguna erabili du aitzakia moduan. Etekin ekonomiko bila ari den norbaitek doako lana eskaintzea degradazio moralaren adierazlerik gardenenetakoa da. Beldurgarriena, ordea, ordezkari publikoen parte-hartzea da, ezinbesteko konplize moduan. Gizalegerik oinarrizkoenari begirunerik ez dion Euroliga funts publikoz blaitu dute Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Erakundeok ez dute bere mezenasgoetan eskubide oinarrizkoenak konplitzea bermatzea exijitu ohi. Ekitaldien jarduera guztietan nahastutako sektore bakoitzeko lan hitzarmenak errespetatzeko protokoloren bat ezarrita, adibidez. Harritzekoa ere ez da, fantasia porlanistak bete ahal izateko tranpa kriminalez jositako obra publikoa sustatzen duten agintariez ari garelako. Maiatzeko prentsaurrekoetan hiriaren eta lurraldearen «promozio ezinhobea» aipatuko dute.

'Bully' gehiegi. Gipuzkoa Basketen azken urteetako dekadentziaren punturik baxuena markatu zuen La Sexta telebista kateko La jefa infiltrada saioko 2015. urteko parte hartzeak. Arlo guztietan zimelduriko klubaren lotsariak erakustea katarsia egiteko ezohiko metodo moduan aurkeztu zuen zuzendaritzak, baina efektua ez zen bilatutakoa izan, eta programa ikuskatzea trantze samingarria suertatu zen. Illunbe atontzen zuten boluntarioek jasandako ahanztura islatzen zuen. Edo bizitza honetarako pertsona onegia izatearen traza guztia duen Bully Oyonek pairatu esplotazioa, GBCri dion debozioa klubeko arduradunek era makurrean baliatzen zutelarik. ACB eta Euroliga lehiaketa profesional moduan irudikatu ohi ditugu, baina lansari bidezkorik gabeko beharginek pizten dituzten sarriegi pistako argiak, zabaldu pabiloiko ateak.

Nola izango da nire errua. Breogani aurre egiteko inongo argudiorik azaldu ez, eta azken aurrekoa bi garaipenera du dagoeneko GBCk.Geratzen zaizkion hemeretzi lehietatik zortzi-bederatzi irabazi beharko ditu salbatu nahi badu; zientzia-fikzioaren eremuan sartu da, hain talde kaskarrarekin. Sergio Valdeolmillos bera jabetu da misioaren zailtasun muturrekoaz, eta bere ospea zaindu nahian dirudi azkenaldian. Fitxaketak eskatu dituela iragarri zuen pasa den astean, eta zuzendaritzaren ezezko erantzuna jaso zuela esan. Sanadzeren hitzarmena luzatu ez izanagatik ernegatuta azaldu zen, georgiarra oso maila apaleko jokalaria izanda ere. Lehen entrenatzaile moduan bi jaitsiera kateatzeko zorian da Valdeolmillos —Estudiantesekoaren ondoren—, eta orban itsusia da hori ezein curriculumetan. GBCren lazeria guztiak klubaren egoera ekonomiko kaskarrari egotzi nahi dizkio, bere burua libratzen saiatzeko. Maniobra traketsa da. Baina batez ere, denboraldia zuzentzeko inongo konfiantzarik geratzen ez zaiona agerian uzten du.

Merezi al du saiatzeak. Lau partidako segida adeitsu samarra du Gipuzkoa Basketek datozen asteotan: Manresa eta Zaragoza hartuko ditu Illunben, eta Estudiantes eta Burgosi egin behar die bisita. Bi irabazi ezean, konponbiderik ez da geratuko bere sasoiarentzat. Ataka ezatsegina da zuzendaritzarena. Egungo GBC ligako talde kaskarrena da tarte handiarekin, baina aldaketei ekiteak ez du hobekuntzarik bermatzen, eta aurreikusi gabeko gastuak pozoia dira altxortegiarentzat. Klubaren aurtengo plangintza suizida zenaz jabetzeko hiruzpalau jardunaldi baino ez ziren behar izan. Eta bekatu bereziki larria da hori GBCren kasuan, kudeaketa kaskarrak eragindako estutasunengatik urtean zehar aldaketak egiteko marjinarik ez duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.