mikel p ansa
HIZPIDEAK

Edo/eta

2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Behartu, edo limurtu. Horra hor koska. Nola erakarri euskararekiko batere sentsibilitaterik ez dutenak, sentsibilitate doi bat dutenak, puska bat dutenak... Behartzeak uxa ditzake. Limurtzea eskas gerta liteke. Behartzeko ahala antzutua zuela sortu zuen EAJk kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua —zigorren atala guztiz zehaztu gabea zuen—, eta limurtzen ahalegin handirik ez zuen egin PSEk gobernuan egon zenean —kendu egin zuen zigorren atala, eta dekretua garatzeko urratsik ere ez zuen egin—. Emaitzak argiak dira, Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera: hamarretik zortzi enpresek ez dute betetzen dekretuak agintzen duena.

EH Bilduk auzitan jarri du dekretua, eta lege bat eskatu, emaitzak ikusita. Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen lege berri horrek isunak jarriko lizkieke legea beteko ez luketen enpresei. Behartu egingo lituzke, beraz. EAJren estrategia, hizkuntza normalizazio politikei dagokienez, limurtzearen bidetik doa, eta EH Bildu behartzearen bidetik abiatu da. Nekez babestuko du EAJk EH Bilduren proposamena.

Behartuta, ez dira gustura egiten lanak. Baina limurtuta ere... Limurtzaileak nahi bai, baina limurtzailearen subjektuak beste aldera begira dezake lasai asko.

Seguru asko ez dago bide bakar bat, eta enpresak behartu eta limurtu egin behar lirateke aldi berean. Eskuinarekin eta ezkerrarekin eragin. Estrategiak batu, eztabaida polarizatu ordez. Behartu edo limurtu beharrean, behartu eta limurtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.