gorka julio
IRLEN SAREA

Arte digitala?

2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Irudipena daukat arte digitalari buruz ezer gutxi entzuten dela. Are, irudipena daukat lehen gehiago hitz egiten zela. Globalizazio (eta antiglobalizazio) garaian arte digitala, net-art, media-art eta ingurune digitalarekin harremana zuten espresio gehiagori buruz hitz egiten bazen ere, orain ezer gutxi hitz egiten dela edo hitz egiten bada ez dugula aditzen.

Asier Mironek etzi.pm hedabide digitalean publikatu zuen artikulu bati esker ezagutu dut Robbie Barrat, Virginiako (AEB) 17 urteko gaztetxoa. Gazteak, software librea erabiliz, inteligentzia artifizial bat elikatu eta rapa abesten jarri zuen, baita margolanak egiten ere. Sorkuntzak oraindik gizakiaren gorputza guztiz ulertu ez badu ere, etengabe ikasten duen inteligentzia artifiziala hasi da gorputzez (gorpuez, beharbada, bizirik gutxi iraungo lukete-eta) osatutako margolanak egiten.

Horrez gain, aste honetan Parisen arte digitalari zuzendutako Atelier des Lumières (Argien tailerra) museoa irekiko dutela jakin dugu. Berpizten ariko ote da? Ez da inoiz itzali, eta ez zait (zaigu) iritsi?

Paraleloan, Beñat Jimenez eta Aintzane Revueltarekin hitz eginez —batak musika programatikoa egiten du, eta, besteak, dantza performatiboa, beste gauza askoren artean—,esperimentaziorako aukerak bai, badaudela, baina denbora gutxi dagoela, komentatu zidaten. Irudimena bor-bor dute biek, eta tartea ateratzen dutenean saiatzen dira; denbora da falta zaiena: bizitzaren egunerokoak egin nahiko dituzten gauza horiek guztiak egiteko denbora, eta, noski, baliabideak.

Eskuekin lan egin, egurrarekin jolasten, harria laztantzen, margoaz goxatzen eta hitzekin oheratzea maite duen Uztaritze Betelu bere tailerra ateratzen ari da aurrera. Bor-bor dauka hark ere irudimena, eta haren lanak ari dira hemen eta han agertzen; zenbait eskultura jarri ditu orain dela gutxi Donostian, eta espero dezagun gehiago etortzea atzetik. Horrek ere antzeko gauzak kontatu zizkidan, artisten lanaren balorizazioak kezkatzen zuen bereziki.

Artisten lanaren balorizazioa eta baliabide materialen beharraren eztabaidak hor jarraitzen du. Arte digitalei bestei bezala eragin die? Gehiago? Ez dakit, baina irudimena lapurtu nahi diguten garaiotan, arte espresio guztiak, denak, beharko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.