Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Nola asmatu?

2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ez da erraza asmatzea. Are gutxiago, bizi dugun testuinguru mediatiko globalizatuan, non digitalizazioari eta Interneti esker gainerako kulturekin (eta hizkuntzekin) etengabeko kontaktuan gauden. Ez hori bakarrik, teknologiaren garapenak ez du etenik, eta denbora oso laburrean agertzen da gailu edo aplikazio berri bat ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko. Normalean, sarean eta hizkuntza hegemonikoetan egiteko. Beraz, zaila du telebista tradizionalak sistema garaikidera egokitu eta epe luzera etxean emaitzak emango dituen estrategia bakarra diseinatzea. Edukien finantzaketa, produkzio, programazio eta zirkulazio ereduez ari naiz. Hizkuntza minorizatuen kasuan, gainera, zailtasunak nabarmen handitzen dira: baliabide ekonomiko gutxiago, hiztun komunitate txikiagoa -ondorioz, profesional tekniko eta artistiko gutxiago, harresi fisiko zein digital gehiago eta isolamendurako arrisku handiagoa.

Konparazioak egitea ez omen da ona. Errealitate bakoitzak bere politika partikularra behar baitu, beharrizan espezifikoak asetzeko. Esperientzien partekatzea gauza ona izan daiteke, ordea. Eskoziar gaelikoz emititzen duen BBC Alba telebistak hamar urtean lortu du hizkuntzaren gaineko ezagutza zabaltzea. Hiztun berriak lortu dituzte, alabaina, gero eta gutxiago dira egunerokotasunean hizkuntza erabiltzen dutenak. Zentzu horretan, konturatu dira telebista ez dela nahikoa gaelikoa bizirik mantentzeko. Espazio publiko eta pribatuak sortu behar dituztela, non gaelikoa erabil daitekeen. 60.000 lagunentzako telebista programa berriak ekoiztean dator erronkarik handiena. Hiztun berriek gaelikoarekiko harreman ahulagoa dute berriek baino. Horri erantsi adin tarte ezberdinetako ikusleek gauza oso ezberdinak nahi dituztela ikusi. Gazteek entretenimendua ikusi nahi duten bitartean, saio intelektualak nahiago dituzte helduek. Azken horiek, noski, hizkuntza maila handiagoa eskatzen dutelarik. Nola asmatu?

Zeelanda Berrian Maori TV sortu zuten 2004an, kultura eta hizkuntza indigena sustatzeko; eta lau urte beranduago, Te Reo bigarren katea. Ez du publizitaterik eta maorieraz emititzen du programazio osoa. Ingelesezko azpititulurik gabe. Helburua da hizkuntza menderatzen dutenentzako programazio berezia eskaintzea. BBC Albarentzako irtenbidea ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.