Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Gardentasuna

2018ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Hiztegiak hala dio gardentasunaz: herritarrek gizartean hartzen diren erabaki, prozesu eta gertakari publikoei buruzko informazioa modu egokian eskuratzeko politika eta praktiken multzoa. Badago ekonomiari lotutako gardentasunaren gaineko beste definizio bat: merkatu bateko produktu, prezio eta beste aldagaiei buruz kontsumitzaileek duten informazio maila. Telebista publikoaren funtzioari dagokionez, biak zaizkigu lagungarriak; lurralde politika publikoaren zati delako batetik, eta, bestetik, ekoizten eta programatzen dituen edukien kontsumitzaile eta zergadun garelako. Erresuma Batuan bi kontzeptu horiek oso garrantzitsuak dira, gardentasuna aplikatuz prestigiatu baitute BBC telebista.

2007tik 2017ra, BBC Trust (konfiantza) gobernu erakundeak izan du herrialdeko telebista publikoaren jarduera ikuskatzeko ardura. Zuzendaritza Batzordearen lana eta emaitza gainbegiratzeko, alegia. BBCren finantzaketa, saioen produkzioa, gastu irizpideak, edukien kalitatea, ikusleen asebetetze maila... Laburki esanda, interes publikoa bermatzeko eta katea ikusi ahal izateko lizentzia ordaintzen dutenen interesak babesteko. BBCk audientziaren partetik jasotako kritika gogorren ostean ezarri zuten BBC Trust. Kudeaketa talde eta jarduera independentea zuen. Telebista publikoaren gaineko galdeketak, talde eztabaidak eta ikerketak egiten zituzten; ondoren, urteko txostenak argitaratzen dira BBCren webgunean. Bertan ikus daitezke, besteak beste, katearen aurrekontua, gastuen zerrenda, proiektuen adjudikazioa eta zuzendarien zein kazetarien soldatak. 2017tik, berriz, OFCOM (Komunikazio bulegoa) erakundea da horren arduradun berria. Londresek onartutako komunikazio konpetentziaren erakunde erregulatzailea.

Gurean, EITBko kontrol batzordea dago legebiltzarrean. Azken saioan, telebistaren zuzendariak esan du jabetzen dela zerbitzu publikoa dela, baina horrez gain: «Enpresa bat ere bada». Zalantza dut horrekin zehazki zer esan nahi duen, irakurri baitiot proiektuen %20 direla soilik arrakastatsuak. Hala bada, zer egiten ari dira? Gutxi dira ikusleei egiten zaizkien galdeketak programazioari buruz. Gutxi dira ikerketak. Gutxi dakigu zenbat eta nola gastatzen den edo zenbat irabazten duten. Alegia, ez dugu praktika multzoen informaziorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.