Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Esperantza

2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Gizarteak zentsura praktikak normalizatzen dituenean dator arazo larria. Alegia, gertaera objektiboak balira bezala ulertzen dituenean; jazotako horiek beste modu batean gerta ote zitezkeen zalantzan jartzen duenik ez dagoenean. Edozein dela zentsura, autoritatearen erabakia eta horren ondorioak legitimatzea da. Ez dut uste denok beti berdin pentsatzen dugunik. Areago, iruditzen zait hori dela gizartearen gauzarik aberasgarriena. Iritzi aniztasuna. Dela gai kulturalaz, politikoaz ala ekonomikoaz. Horregatik, eztabaidaren aldekoa naiz. Amak esan ohi dit txikitatik izan naizela berritsua. Isilik egoten ez diren horietakoa. Maila pertsonalean, nabaritu izan diot jendeari deserosotasun puntu bat zuzen hitz egitean. Egokia ez balitz bezala benetan pentsatzen duzuna esatea.

Amari esana diot gure belaunaldian jendearen arteko batasun gutxi dagoela eta indibidualtasun gehiegi. Neurri handi batean, globalizazio sistemak bultzatu duen ondorioa da. Oso urrun joan gabe, (Euskal Herriko) unibertsitatean bertan bizi dugun errealitatea da horren isla. Oihaneko legeak agintzen baitu. Horregatik guztiagatik, kritikak ez ditugu ondo hartzen askotan, eta hobe da isilik egotea. Amak dio gure belaunaldira arte gizartea ohitua egon dela bizi baldintzetan hobera egiten, besteak beste, aurrekoek autoritatearen kontrako borroka kolektiboak egin zituztelako. Tamalez, ez da gure kasua. Guk nahiago dugu beste aldera begiratu, agian kexatu —gehiegi—, baina ekintza potolorik egin gabe. Hori bada autozentsura; larriagoa dena. Hedabideek balio beharko lukete adierazpen askatasunaren praktika eragiteko eta indartzeko. Telebista barne. Liburuak, arte erakusketak, filmak, txioak, hitzaldiak, egunkariak... bahitzen dituzten errealitate globalizatu honetan, «inoiz baino beharrezkoagoa da» gizartea «bere lanabes eta tresnen jabe, arduradun eta kudeatzaile izatea».

Bada, Joan Mari Torrealdairen hitz horiek Galesera iritsi dira berriki. Elfed Wyn Jones hogei urteko nekazariak zazpi eguneko gose greba hasi du, telebista publiko nazionalaren (S4C) deszentralizazioa eskatzeko Londresi (BBC). «Demokrazian biziki sinesten dut, eta arduratuta nago gure politikan falta delako elementu garrantzitsu hori», adierazi du ohar bidez. Esperantza galdu behar da azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.