Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Botoi gorria

2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Glasgow hegoaldeko taberna batean elkartu ginen lau lagun, bilarrean jokatzeko eta garagardo batzuk edateko afaldu baino lehen. Izkin batean jukebox musika erreproduzitzeko gailua zegoen, 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetako musikari arrakastatsuen zerrendarekin. Sarrera inguruko mahai bakoitzean —ez dut uste bi pertsona baino gehiago sartzen zirenik—, berriz, tamaina txikiko telebista bana horman zintzilik. Guztiak ere piztuak zeuden, futbol partida emanaldiarekin. Eskoziarrek pasio izugarria dute futbolarekiko, eta ohikoa da partidak tabernetan jarraitzea garagardo batzuez. Dela asteguna edo asteburua. Hala, kirol lehiaketak eta alkoholaren kontsumoa lotzen dituen kulturak aginduta, horma nagusian pantaila erraldoia jarria zegoen. Tabernaren edozein puntutik ikus zitekeena.

Gaelikoz emititzen duen BBC Alba telebista zuten piztua. Katea aski ezaguna da zuzeneko kirol emanaldi garrantzitsuak emateagatik —programazioaren erdia baino gehiago eduki horiekin betetzen dute—. Ikuslea aspertzeraino. ETB1en egiten duten antzera, alegia. Halako batean, «puntu gorria» identifikatu nuen pantailaren goialdean. Urrutiko agintearen botoi gorria sakatuta, ingelesezko komentarioak aktibatzen dituena. Nire lagunetatik inork ez du gaelikoz hitz egiten; izatez, urrun dute herrialdeko hizkuntza minorizatua. Baina, jakin gura izan nuen «botoi gorria» ezagutzen zuten ala ez. «Ez zait axola Gaelikoa ez ulertzea, partida berdin jarrai baitezaket», esan zidan batek. Hizkuntza komunitatean, aldiz, gai polemikoa da. Hizkuntza hegemonikoen erabilera sustatzen duela argudiatuta, zerbitzu horren «inposaketa» kentzeko eskatzen dute; baita ingelesezko azpitituluen erabilpena ere. Erresuma Batuko komunikazio esparrua erregulatzen duen Ofcom gobernu erakundeak 2014an adierazi zuen ingelesaren erabilpena hautazkoa dela; baita azpitituluena ere. BBC Albaren ekoizpenaz arduratzen den enpresak dio audientzia zabalagora iristeko tresna dela.

Hizkuntza minorizatuen biziberritzea sustatzea xede duten kateak nekez iritsiko dira haien ikusleengana hegemonikoak erabiliz. Areago, hizkuntza minorizatuen azpititulu hutsuneak mugak ezartzen dizkio hiztunen gaitasunei eta erabilera aukerei; oztopoak hedatuz hizkuntzen gainerako esparruetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.