Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Gure(?) kasa

2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ez dira saio gehiegi. Zehazki, hiru atal ikusi ditut orain arte. Aldi berean emisioan egon daitekeen antzeko eskaintzarekin alderatuta, oro har telebista programa nahiko txukuna iruditu zait ETBkoa. Saio hori ikusten ari nintzela, gogora etorri zait Antena3eko El Hormiguero; kateen programazioan saioek duten tokiagatik —gaueko albistegiaren osteko prime time ordutegian—, generoagatik —talk show—,antzeko formatuagatik eta lantzen dituzten gaurkotasunezko edukiengatik. Ezaugarri komunei dagokienez, aurkezle nagusi bat —gizonezkoa da gidaria bi kasuetan—, gonbidatua (edo bat baino gehiago) eta hainbat gai platora ekartzen dituzten atal, sekzio edo dena delakoen aurkezle laguntzaileak. Azken horiek gonbidatuaren parte hartzea bultzatzea dute helburu eta, kasualki(?), emakumeek betetzen dute funtzio hori; alegia, kolaboratzea. Alboan egotea. ETB1eko saioan, Zuriñe, Ainhoa Gago, Nerea Alias, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita, kasurako. Ez dakit zer iritzi duten protagonistek; niri, inor mintzeko intentziorik gabe, hori iruditzen zait. Une batez imajinatu ditut gizonezkoak haien lekuan eta, «bai zera, ezinezkoa da» esan diot nire buruari. Zein saioz ari naiz? Gure kasa-z.

Handia filmaren lantaldea, Asisko Urmeneta ilustratzailea eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria Miramongo platora ekarritako saioak ikusi ditut. Ordu bateko iraupena du programak —Antena3ekoak baino gehiago— eta aurkezleek egindako lanarekin gozatzen dutela esango nuke. Julen Telleriak badu saioa gidatzeko erraztasuna, baita kamerari hitz egitekoa ere. Trebetasun garrantzitsuak dira, ikusleekin konektatu nahi baduzu. Publiko gazteari zuzendutako saioa den aldetik, ondo iruditzen zait haiek protagonistak izatea kamerak kalera eramaten dituztenean; adibidez, aktualitate politikoaz galdetzeko. BERRIAko zuzendaria platoan izandako saioan, agerian geratu zen kaleko gazteek interes txikia dutela euskal politikaren buruzagiekin —kostata lotu zituzten izenak haien argazkiekin—. Gure kasa-k audientzia eskuratzea xede badu, bestelako kontuei heldu beharko die. Horretarako, oso aproposa iruditu zitzaidan Antton News izeneko albistegi tartea. Ez, ordea, Shanghaira (Txina) begira jarri izana. Egokiagoa litzateke, akaso, gure gaiez aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.