Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Harraparia eta harrapakina

2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Lau egun igaro ditut telebista piztu ere egin gabe. Gauez, etxera itzuli eta dokumentala azaldu zait, gailua piztuta izan den azken aldian utzitako katean. Lurraren eta gizakion eboluzioaz ari da narratzailea; lo hartzeko unean bortitz samar esnarazten gaituen espasmoaz, hain zuzen. Gure gorputza erlaxatzen hasi orduko, garunak mezua bidaltzen digu, esna gaitezen. Ohartarazpenaren jatorria ulertzeko, 15 milioi urte egin behar omen da atzera, zuhaitz batetik bestera bizi ginen garaira. Orduan lo hartzean lurrera erori eta harrapariren batek eraso eginda hiltzeko probabilitatea handia zelako ematen digu ohartarazpena gure garunak. Harrapakinak ginen orduan, harrapariak baino. Bizirik irauteko mekanismoa gorde egin dugu denboraren joanean. Izan ginenaren herentzia modukoa bat.

Ildo beretik, urteetan munduko zenbait lekutan egindako esperimentua azaldu du. Hainbat pertsona lau irudiren aurrean ageri dira. Desertuaren, oihanaren, belardiaren eta malkar elurtuaren artean aukeratu behar dute non bizi nahiko luketen. Denek irudi bera hautatu dute: belardia. Esanguratsua da kontinente desberdinetan bizi diren pertsonek hautu bera egin izana, desertuetan edo oihanetan bizi izanda ere. Zergatia galdetuta, erabakia babesarekin lotua dago. Gainontzeko lekuetan arriskua ezkutuan izan litekeela argudiatu dute. Belardian, arrisku gutxiago dago horretarako. Denboran atzera jo dute ostera ere, harrapari eta harrapakinarenera.

Iragarkiek eten dute emankizuna. Botoiei sakatu diet, ez baitzaizkit iragarkien tarteak gustatzen. Trece kateko tertuliarekin egin dut topo. Kataluniako istiluez ari dira, ohi duten mespretxuaz. Minutu batzuk igaro eta botoiei sakatu diet berriz. 24 Horas kateko albistegia azaldu zait. Kataluniako istiluez ari dira hor ere, antzeko ikuspegiarekin, bestelako tonu batean. Harrapariak iruditu zaizkit batzuk eta besteak. Agerian edo ezkutuan, erasoa prestatzen, harrapakina lortzeko bidea prestatzen, beste behin. Harrapakina ere irudikatu dut, nekeak jota, atseden hartu nahian lo hartzear zirudiela, espasmo batekin tupustean esnatu eta erreakzionatzen saiatu dena.

Ez dizut lehenago esan, baina Gironan igaro ditut telebista piztu gabeko eguna , Pirinioen inguruko herrian eta hiriburuan. Agian hori baino ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.