gorka julio
IRLEN SAREA

Gardentasun printzipioa

2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Denek onartzen dute jakina dela gauzak gaizki egiten direla, ez dutela helburua betetzen, baina gauzak aldatzea zaila dela. Esaldia egoera eta arlo askotan aplika daiteke; Osakidetza kasu horietako bat da, azken lan eskaintza publikoarekin gertatutakoa ikusita. Garbiak izan beharko luketen prozesuak publikoki erraz ikuskatu ezin izateak eragin handia du horrelakoetan. Software libreak, eta gero horren eraginez etorriko ziren eduki libreen mugimenduak —Creative Commons lizentzia, adibidez— gardentasun printzipioa barneratzen dute hasieratik. Software askeak programen errezeta —iturburu kodea— ikusteko aukera ematen du, nahi duenak ikuskatu eta eraldatu dezan. Esan ohi da milaka begik gutxi batzuek baino hobe ikusten dituztela egon daitezkeen arazoak.

Ezagutzaren alorrean, Wikipediak ondo erakutsi du noraino iritsi daitekeen ezagutza librearen kontzeptua. Entziklopedia jada gutxienekoa da. Wikidataren bidez, munduko informazio guztia berrerabiltzeko antolatzen ari dira.

Gardentasuna oinarri duten paradigma askok demostratu dute jendartearen garapena eskuratzeko gaitasun handiagoa dutela patente edo copyright hertsian oinarritutako ereduekin alderatuta. Zientzian ere, irekitasunaren aldeko joera bat nagusitzen ari da, edo, behintzat, zentzu horretan pausoak ematen.

Europako Batasuneko Zientzia, Berrikuntza, Merkataritza eta Industria ministroak biltzen dituen Lehiakortasunaren Kontseiluak onartu du 2020rako Europan publikatzen diren artikulu zientifiko guztiak doan eskuragarri egon behar dutela. Fondo publikoekin lagundutako lan zientifikoak era irekian partekatzea betebehar bihurtzen dute horrela, eta bat egiten dute sarbide irekia (Open Access) ideiarekin, zientziaren garapena erraztu eta azkartzeko.

Akademiarekin harremanik izan duen edonork badu argitalpenen munduaren itxitasunaren eta gardentasun faltaren berri. Gutxi batzuek kontrolatutako esparrua izan da. Oraindik urte batzuetan izango da, baina orain bada beste eredu bat; oraindik libreki bai, baina garestia ere badena (gehiago kostatu ohi da publikazioa irekia izatea). Ea apustu horrek zientzia egiteko beste bide hauek bultzatzen dituen, eta gardentasuna beste arlo batzuetara ere eramaten laguntzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.