gorka julio
IRLEN SAREA

Strava eta militarrak

2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Strava aplikazioa, Jaizkibel igo eta jaisten zutenen arteko lehiaketak eta komentarioak egiteko erabiltzen zutelako ezagutu nuen lagun bati esker. Orain, OSINT Open Source Inteligence, euskaraz informazio Iturri Irekiko Inteligentzia kasu deigarri bat bihurtu da erabilerak datuetan oinarrituz zenbait base militarren kokagunea eta egiturak argitu dituelako. Strava aplikazioak bizikletaz edo korrika egiten ditugun ibilbideak neurtzeko, gordetzeko eta partekatzeko aukera ematen du. Askotan, sentsorez jositako eskumuturreko digital baten informazioa ere jasoz. Horri esker, errepide zehatz bat edota ibilbide zehatz batean hoberena zein den jakin edo inguruko lagunak aplikazioaren bidez anima ditzakegu.

Orain dela gutxi, aldiz, Stravak dituen datu agregatuak erabiliz bero-mapa bat egin zuen. Bero-mapa horretan, pertsonen datu zehatzak ez, baina gehien egiten diren ibilbideak markatuago ikusten dira. Pribatutasun ezaugarrietan, datuak gordeko ez dituen esparruak identifikatu edo ibilbideak ez partekatzeko aukera ematen duen arren, jende gutxik egiten duenez, hortxe emaitza. Kasu honetan, egitura militarrak agerian utzi ditu.

Arazo militarra albo batera utziz, datuen babes pertsonalaren garrantzia azpimarratzeko balio digu. Stravak udazkena arte negozio eredua kolokan zuen, eta, oraingo planen artean, egiten ditugun ibilbideek sortutako datuen azterketatik atera nahi du dirua; adibidez garraio eta hiri planifikazio analisiak eginez.

Datu meatzaritza deitu izan zaio honi, datu kantitate handietatik baliozko ezagutza ateratzeko lan prozesua. Bisio honek lehengai bezala ikusten gaitu, gu eta gure datuak beren negozioa elikatzeko lehengaia beharrezkoa da. Baina, beste irakurketa bat ere egin liteke, soinean ditugun sentsoreek jasotako datuak partekatzen ditugun heinean, meatzariak gu gara. Haiek, aldiz, gure lanetik etekina lortzen duten meatzeko jabeak.

Lehen ikuspegiari lotuta, esaldi ezagun hau esan ohi da: «ordaindu behar ez duzunean, produktua zeu zara». Egia den arren, bigarren ikuspegi berri honetan, gehiago litzateke: «Ordaindu beharko zeniguke, gu gabe ezingo zenuke izan».Beste pauso bat ere eman liteke eta eskubide aldarrikapenetik harago joan: «Lana guk egiten dugunez, gure artean antola dezakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.