Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Ikuskizuna (II)

2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Joan den astea nola, hala igaro dira igande iluntzea, astelehena eta asteartea. Ikuskizunaren gurpilak aurrera jarraitu du, ohi baino begi gehiago begira eta aho gehiago zalantza adierazten izan arren. Aipatu nituen hemen, asteartean, niri Gabriel Cruzen desagertzeak eta hilketak zein Ana Julia Quezadaren atxiloketak, bereziki, telebistan izandako lanketak eta oihartzunak eragindako izua eta deserosotasuna.

Ulertzen dut telebistako albistegi eta saio desberdinetako kideek gaiari heldu, jarraipena eman eta sortu den —duten— oihartzunari erantzun behar diotela. Badakit hari bakarrak mutur asko izan ditzakeela. Ordea, helburua eta modua iruditzen zaizkit zalantzagarriak. Helburua aldameneko kateak, saioak edo albistegiak adina —edo gehiago— ikus-entzule izatea soilik baldin bada, logikoa iruditzen zait ikuskizunaren gurpilean sartu eta abiada geldiezinean sentitzea. Telebista kate publiko edo pribatu izan, hedabidearen lanari ardura eta eginkizun sozial batetik begiratuz gero, hamaika aukera daude, dena den. Horrek hari mutur batzuk albora utzi eta beste batzuei heltzea ekarriko du, eta baita hari mutur batzuei beste ikuspegi batetik begiratzea ere. Alegia, iruditzen zaidala gertatuarekin lanketa handia egin daitekeela, minutu asko inberti daitezkeela bestelako helburuei begira. Landu liteke gertakaria bera, hala dagokien erakunde eta iturriek ematen duten informazioa zabaldu eta haien jardunari jarraipena eginez. Landu liteke gaurko gizartean indarkeriak edo biolentziak duten funtzioa edo erabilera, haren jatorrira, oinarrira eta funtsera gerturatuz; edo, horrelako kasuetan, zenbateraino diren haurrak zaurgarri. Landu liteke ondorioen gaia, ez zigorrena, ez zigor mota bakarrarena; betiere, helburua halakorik berriro ez gertatzeko pausoak ematea eta halakorik egin duenak ondorioak jaso eta beste bide bat hartzea ahalbidetzea baldin bada. Landu liteke arduradun politikoek, erakundeek, hedabideek, sare sozialetako erabiltzaileek eta herritarrek gai hauetan dugun rola eta funtzioa; zenbateraino bultzatzen ditugun joera batzuk, zenbateraino helburua lagundu edo trabatu.

Lanketa horiek abiapuntu eta helburu jarriz gero, horretarako baliabideak eta pertsona egokiak jarriz, apalduko litzateke ikuskizuna, eta nagusitu bestelako zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.