Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Gezurrezko populismoa

2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Eskerrak ez ditudan topatu Espainiako ministro berrien gaineko albisteetan 11 emakumezkoen itxurari buruzko komentarioak. Albiste nagusia emakumeen presentzia handia izan da. Nazioarteko prentsaz ari naiz; telebistaz zein idatziz. The New York Times-ek, adibidez, Espainiako Gobernuaren bi herenak emakumeek osatuko dutela zioen. BBC News-eko atari digitalak zekarrenez, gizonezkoak baino gehiago izango dira emakumezko ministroak (%61); «Europako beste inon baino proportzio handiagoa», Suediaren (%54) eta Frantziaren (%50) gainetik. The Guardian-ek ere ikuspegi berari heldu zion: «Espainiako presidenteak 11 emakume eta sei gizon izendatu ditu gobernu berrirako». BBCk honako hau galdetu du Pedro Duque Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroaz: «Nor da astronauta?». Pedro Sanchezen telebista gizonen inguruan, berriz, aipu gutxi. Maxim Huerta Kultura eta Kirola ministro, eta Miguel Angel Oliver Estatuko Komunikazio idazkari nagusi berriez. Biak ere telebistako aurkezleak.

Politika telebisiboa ez da gauza berria. Donald Trump AEBetako Gobernura iritsi aurretik, zinemako eta telebistako izen ospetsuak ikusiak genituen politikan; Arnold Schwarzenegger aktorea Kaliforniako gobernadore, (2003-2011) edota Ronald Reagan Hollywoodeko bigarren mailako aktorea herrialdeko presidente (1981-1989). Atlantikoaren alde honetan, horrelako kasuak ere gertatu dira. Italiako aktore Gina Lollobrigida Europako Parlamenturako hautagai izan zen 1999an; egun, Toni Canto telebistako aktore espainiarrak kargua du Ciudadanos alderdian. Euskal Herrian, Maddalen Iriarte izan liteke adibide berriena; telebista kazetaritzatik politikara saltoa emanda, Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren eleduna da.

Bat nator Cas Mudde The Guardian-eko zutabegileak dioenarekin: «Politikari ospetsuak sistema politikoaren gainbeheraren isla dira». Itxurakeriaren sintoma. Gezurrezko populismoa. Celebrity-ek ez dute zertan politikari onak izan; ezta alderantziz ere, jakina. Dirua, izena eta aitortza giltzarri bilakatu dira joko honetan. Partikularki, profesionaltasunik eta inspiraziorik ez duten buruzagiei dagokienez. Nago esparru afektiboan eragiteko gaitasuna duten bardoek irabaziko dutela, alternatiba hobeak agertu ezean .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.