Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Pertzepzioaz

2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioak gauza asko dio bere 20. artikuluan. Lehen puntuan, honakoak onartzen eta babesten ditu: pentsamenduak, ideiak eta iritziak hitzez, idatziz zein beste edozein erreprodukzio bideren bitartez aske adierazteko eta zabaltzeko eskubidea; sorkuntza eta produkzio literario, artistiko, zientifiko eta teknikorako eskubidea; katedra askatasunerako eskubidea; egiazko informazioa era askean jaso eta komunikatzeko hedabide guztiek duten eskubidea. Azken horrek oharra darama: jardun horiek betetzean, legeak erregulatuko duela kontzientzia klausularako eta sekretu profesionalerako eskubidea. Bigarrenean, eskubide horiek aurretiazko inolako zentsurarekin ezin direla mugatu dio. Laugarrenean, askatasun horiek muga non duten zehazten du: hain zuzen ere, atal horretan zehazten diren eskubideen errespetuan, garatzen dituzten legeen arauetan eta, bereziki, ohore, intimitate, irudi eta haurren eta gazteen babeserako eskubidean. Azken puntuak, publikazioen, grabazioen edo bestelako informazio bitartekoen bahiketa epaileen aginduz soilik gauzatu daikeela adierazten du.

Aipatutakoak behin eta berriz irakurri, eta paperean zentzuzko dirudiena praktikan zepo nola bihurtzen den ulertzera iritsi zaitezke. Eskubide ugari aipatzen da, baina guztiak utz daitezke bertan behera errespetuaren izenean edo epaile baten aginduz. Hor dago gakoa. Errespetua, izatez, kontzeptu erlatiboa dela, hartzailearen pertzepziotik abiatzen dela, kasu honetan, epailearen pertzepziotik. Hori horrela,adierazpen askatasunaren aurka hartu diren neurri judizialei gainbegiratu bat emanez gero, erraz ikusten da zein den pertzepzioaren abiapuntua: espainiartasun jakin baten zutabeak betikotzeko asmoa. Hona batzuri eskandalagarri zaizkigun gertakarietan ustez zer erasotu den: koroa, Guardia Zibila edo indar armatuak, biktima jakin batzuk, erlijioa, familia eredu jakina...

Asteartean ezagutu baikenuen azken eskubide urraketa. Gustuko ez duten familia ereduari buruzko dokumentalak haur eta gazteen babesa urratzen duela erabaki eta filmaketa debekatu du Adin Txikikoen Espainiako Fiskaltzak, gai horietaz hitz egitea umeei kalte egin diezaiekelakoan. Lidiak eta Montsek kanpoan filmatu eta sarean jarri beharko dute. Zain izango gara, irrikaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.