gorka julio
IRLEN SAREA

ASMR bideoak

2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Zentzumenen Erantzun Meridiano Autonomoa eragiten duten bideoak —ASMR, ingelesez— modan omen daude. Youtuben dituzten milaka bisitek hori erakusten dute. Garunean zirrara berezia sortzen omen dute bideo horiek. Zer nolako harrera duten ikusita, erantzunak baino galdera asko sortzen zaizkit.

Zientifikoki benetakoa den guztiz frogatua ez dagoen arren, milaka dira bideo horiek ikusi eta entzun ondoren, sentsazio ezberdinak dituzten pertsonak. Sexuarekin erlazionatu nahi duenik ere bada, baina bideoen jarraitzaileek kontrakoa diote, eta horren ordez lasaitasun kitzikagarri bat lortzen omen dute.

Fenomenoak meme bihurtu eta Interneteko blog eta sare sozialen bidez hedatzea lortu du. Talde txiki batek hasitakoa hedatuz joan, eta 2010ean izena eman zioten fenomenoari. Hortik aurrera gero eta gehiago zabaldu da.

Bideoari play eman, eta mikrofono baten aurrean xuxurlatzen duen pertsona bat aurkituko duzue bideo gehienetan. Xuxurlatzeaz gain, zenbait material ukitu eta laztanduz soinuak egiten ditu, entzuleari sentsazioak sortzeko helburu horrekin. Euskarazko bideoak badaude —horietako batean, Euskaltzaindiaren webgunetik ateratako izenak xuxurlatzen dituzte—. Idurre Eskisabelek, lagun batek gomendatuta, idatzi zuen berari sortzen zizkion sentsazioei buruz; eta berari bezala, niri ere galderak eta zalantzak sortzen zaizkit.

Badakigu, ukipen bidezko sentsazioak senti ditzakegula ukitu gabe ere. Hau da, adibidez bideo batean luma bat ikusten dugunean edo norbait biguna dirudien zerbait ukitzen ikustean. Marketin estrategietan bere anaia berriak, neuromarketinak, etengabe aztertzen ditu horrelako eraginak gure garunean.

Jakin badakigu ere hominidoen artean grumming-ak, bata bestea garbitu, zorriak kendu edota laztantzeak garbitasunarekin baino, harreman sozialen eraikuntzan eta mantentzean eragin zuzena duela.

Neuromarketinak kontrol gehiegirik gabeko estimulu zehatzak sortzeko duen gaitasunaren aplikazio komertziala beldurgarria da. Aldiz, bideo horien arrakasta ikusirik, erakusten duten gertuko estimuluen falta nabaria dugula ere iruditzen zait. Beharbada gizakion artean gehiago xuxurlatzea eta ukitzea falta zaigula, alegia; hori da nire proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.