gorka julio
IRLEN SAREA

Teknologia soziala

2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Eztabaida puri-purian dago: zer-nolako teknologia behar dugu?Aurretik ere eztabaidatzen ari zen teknologiaren erabilerari buruzko zalantza handiagoak sortu ditu Facebooken azken datu ihesak. Baina badirudi eztabaidatzen hasten garenean beti handitik hasten garela, eta ez dauzkagun beharretatik: bereziki behar gehien dutenetatik.

Alde horretatik, azken boladako adibiderik hoberena berrikuntza sozialari lotu nahi dioten teknologia sozialaren definiziotik dator. Berez, behar sozialei lotutako teknologia esanahi hutseko definizio baten barnean sartu nahi dute. Gizarteari begira baino, gizartearen beharrak eta bereziki behar gehien dutenenak merkantilizatzeko saiakera da.

Hori ikusita, Renato Dagnino brasildarrak definitu zuen bezala, teknologia sozialak jendarteak teknologiak bereganatze batean oinarritzen du bere izaera. Hori alde, baina kontra ere eraikitzen bada: teknologia kapitalistaren kontra eraikitzen da. Horretarako, behar sozialak dituzten kolektiboen parte hartze zuzena bilatzen du, jarrera paternalista, asistentzialismoa edo ezezagutzatik egindakoak alboratuz. Definizio zehatzago bat beharko balitz, teknologia soziala edo jendarte teknologia ongizatean, zuzentasunean, ezagupenean, duintasunean eta banakakoen garapenean oinarriturik, ezagupen teknologikoak giza aurrerapenaren hobekuntzan aplikatzean datza. Teknologia izaera sozialeko baliabide gisa, gizakien bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin egiten den teknologia da. Tamaina txikiko eta auto-eratutako proiektuak gauzatzeko aukera eman dezaketen formetan oinarritu daitekeena.

Definizio horretan oraindik jende asko sartzen da, baina murriztailea ere bada: bereziki Social business-ari lotutako enpresak ez dira bertan sartzen. Helburua erabat desplazatzen baitu, bideragarritasuna aitzakia bezala erabiliz subjektua merkatuan kokatzen duelako —eta ez pertsonetan—. Aldiz, publikotik sustatutako eta ekonomia sozialetik gertuko proiektuak erraz sar daitezke definizio horretan, subjektua eta helburua mantenduz.

Zeren alde bezala, zeren kontra gauden ere azpimarratzea garrantzitsua da. Batzuetan gure kontra ere egingo dute, dugu, baina balio dezala gaizki ari garela konturatzeko eta beti entzungor dauden horien aurrean zilegitasuna irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.