Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Telebista, etorkizun hurbilean

2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Zer pentsatua eman dit asteon irakurritako artikulu batek. Kazetaritza independentea bultzatzeko Parisen egindako kongresu baten gaineko albistea. Alternativas Económicas aldizkariko martxoko alean dator, Frantziako hiriburuan hamalau medio eta ikus-entzunezko proiektuetako ordezkariak bildu ziren haien esperientziak trukatzeko. Besteak beste, gizarte ekonomia solidarioan lan egiten duten Europako erakunde kooperatiboak, elkarteak eta kolektiboak. Hiru eguneko programazioa eztabaida saioetan eta hitzaldietan oinarritu zen. Foroa bultzatu dutenen asmoa da sare bat sortzea, elkarren arteko ezagutza izateko eta beste adibideetatik ikasteko. Horrez gain, interes komunak eta bakoitzaren gaitasun osagarriak erabiliz, bidea zabaldu nahi die haien arteko proiektu berriei.

Ikus-entzunezko medioen finantzaketa ere izan zuten hizpide. Egitasmo komunikatibo berrien eduki eta jarduera independentea bermatuko duten diru-iturrien erabilera, alegia. Krisi ekonomikoak ekarritako publizitate inbertsioaren beherakadari aurre egiteko, gehienek behar dituzte finantzaketa eredu berritzaileak. Altraeconomia aldizkari kooperatibo italiarrak, adibidez, negozio jarduera zabaldu du: komunikazio aholkularitza eta ekonomiari lotutako ikastaroak eskaintzen ditu eskoletan. Erresuma Batuko openDemocracy web orriak, aldiz, fundazioa sortu du finantzaketa osagarria izateko —fenomeno interesgarria da—. Beste batzuek, aldiz, edukietarako doako sarbidea itxi dute. Nola azaldu hori Gure kasa moduko telebista saioa ikusten duen audientzia gazteari? Dagoeneko, badago belaunaldi oso bat kultura eta informazio kontsumoaz ordaintzeko beharraren kontzientziarik ez duena. Areago, gazteak dira baliabide ekonomiko gutxien dutenak harpidetzak ordaintzeko. Horri erantsi euskarazko medioei gero eta diru-laguntza gutxiago ematen dietela eta Interneteko kontsumo maila etengabeko gorakadan doala (BERRIAren sakelako kontsumoak sorpasoa egin dio mahaikoari).

Telebista tradizionalik gabe bizi naiz, eta ikus-entzunezko kontsumoa Internet bidez egiten dut, zati bat ordainduta. Finantzaketa lortzeko, bide horretatik jo dutenak daude, idatzizko medioari lotutako online telebistak edo bideo laburrak sortuta. Etorkizun hurbilean telebista tradizionalik beharko dugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.