gorka julio
IRLEN SAREA

Algoritmoak berriro pentsatu

2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Datu Orokorren Babeserako Arautegi berria indarrean jarriko dute Europan. Legeak datuen babeserako neurri zorrotzagoak jarriko ditu martxan. Twitterren, Facebooken edo Instagramen erabiltzaile bazara, jada jabetuko zinen lege oharrak aldatu direla, eta onespen berri bat eskatzen dizutela. Arrazoia, horixe.

Argiago esango dute zer datu eta zertarako erabiltzen dituzten, eta erabiltzeko onespena eskatuko dute. Facebook-ek zure aurpegiaren datu biometrikoak erabiltzea galdegingo dizu, eta zure esku egongo da, printzipioz, baiezkoa edo ezezkoa ematea.

Hortik harago doa legedia, eta, legelari ez naizenez, ez dut askorik sakonduko. Hala ere, iruditzen zait legeak berak muga handiak dituela. Beharrezko pauso bat bada, noski, inolako araudirik gabe gure datuekin ia edozer egin nahi dutenen aurka, baina ez da nahikoa. Ez da nahikoa, kontrola instituzio pribatu horien edota justizia eta demokrazia gero eta gutxiago erakusten duten estatuen kontrolpean dagoenean.

Diseinutik egon beharko luke guztiak ondo pentsatuta. Datu pertsonalik behar izan gabe egin nahi den hori egiteko aukera izan, baina, datu horiek ezinbesteko ez badira, jaso behar ez izateko pentsatua, hain zuzen ere.

Garraio publikoan ibiltzen garen bakoitzean txartel digital bat baliatzen badugu, eta txartel horrek identifikatzen bagaitu, erregistro hori hor geldituko da. Zergatik behar dute, baina, datu hori? Zergatik jakin behar dute noiz, nola eta zeinekin bidaiatzen dudan? Txartel horrek ezin du anonimoa izan?

Ordainketekin ere gauza bera gertatzen da. Kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk daude; adibidez, zerga ordainketa. Baina egoera antzekoa da. Erantzuna, noski, baiezkoa da, baina gehienetan ez da egiten. Datu horiek jasotzea arautu daiteke, lege horiekin edo beste batzuekin, baina datu horiek ez-beharrezko bihurtzea da gakoa.

Hori guztia telefonoaren erabilerarik ohikoenera ere eramanda larriagoa da oraindik —kontuan hartu telefonoa gero eta gehiago erabiltzen dugula, garrantzitsuago—. Gure telefonoek uzten duten arrastoa izugarria da, baita Internetik ez duten sakelakoek ere. Mugak jarri behar dizkiogu datu bilketa lehenetsiari. Horretarako, algoritmoak berriro pentsatu behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.