Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Ekai

2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko eremua arautzeko, Europako Batzordeak Mugarik Gabeko Telebista Zuzentaraua ezarri zuen 1989an. Jarduera esparrua mugatua zela eta —legeak medio digitalak kontuan hartzen ez zituelako, batik bat—, zazpi urte geroago, Ikus-entzunezko Hedabideen Zerbitzu Zuzentaraua sortu zen. Horren helburuak hiru dira: gehiegikeriak saihestea eta aniztasuna bermatzea; hedabideen gaineko jabetza arauak ezartzea; eta, azkenik, Europako Batasuneko herrialdeen arteko begirunea bultzatzen dituzten jarraibideak garatzea. Adibidez, 4. artikuluaren arabera, telebista guztiek —bakarrik «ahal den kasuetan»— gorde behar dute programazio ordu gehiena Europako edukiak emateko. 5. artikuluak dio, gainera, horien %10 ekoizpen independenteak izango direla. Egun, Batasuna osatzen duten 28 estatuek bete behar dute lege hori, eta, bi urtean behin, Europako Batzordeari igorri arauak betetzen dituztela jasotzen duen estatistika-txostena. Demografia datu batzuk: Europako Batasunean 24 hizkuntza ofizial daude, eta 400 hizkuntza, etnia eta herritartasun gutxitu baino gehiago.

Oraindik gogoan dut eskoziar batek aipatu zidana Espainiako Goya sarien saioa ikusten ari ginela: «Espainiako zinema komunitatea oso zuria dela iruditzen zait. Ez al daude aktore edo zuzendari beltzak?». Komentario zeharo egokia iruditu zitzaidan; izatez, egon badaudelako. «Bai, horixe!», erantzun nion. Pentsakor utzi ninduen, ordea. EAEko populazioaren ia %6 da atzerritarra, Eustaten arabera, eta gehiena Amerikatik (%38) eta Afrikatik (%26) etorritakoa —Hego Amerikatik eta Magrebetik, nagusiki—. Beraz, erlijio, arraza eta kultura aniztasuna errealitate bat da gurean. Horietako asko euskaraz bizi diren belaunaldi berriak izango dira, bederen. Lasai asko parte har zezaketen Go!azen telesailean. Zer esanik ez genero eta sexu identitate aniztasunaren inguruan, horien errepresentazio hutsunea etengabeko gauza da telebistan.

Handia euskarazko filma saritu zuten Goyen gau hartan. Gizarteak onartzen edo asko estimatzen ez zuen Migel Joakin Eleizegiren istorioa, alegia. Eneko Sagardoi euskal aktoreak haiei eskaini zien eskuratutako aktore onenaren saria: «Hau zuentzat da, ulergaitzak diren identitateak dituzuenontzat», adierazi zuen. Baita zuretzat ere, Ekai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.