Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Ikuskizuna

2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Gertatuak, distantziak distantzia, atsekabea sortzen du. Baita kezka ere. Zaila da ulertzen nola egin diezaiokeen horrelako zerbait helduak haurrari. Kezka horri, baina, beste bat gehitzen zaio: haurra desagertu zela jakin zenetik, hedabideetan—bereziki telebistan— gaiak izan duen tratamendua. Igande arratsalde eta gauean, edo atzo astelehenarekin, zer eskaini nahi du kazetari bana Gabrielen amonaren eta amaren etxeen atarira edo polizia etxera bidaltzen duenak? Zer inolako pisu objektiborik ez duen bizilagunen iritzia bilatzen duenak? Zer hala dagokien arduradunen adierazpenei itxaron gabe ikerketaren gaineko zalantzak hedatzen dituenak? Zein informazio eskaintzen zaio ikus-entzuleari atxiloketaren unea azaltzen duen grabazioa behin eta berriz emanez? Zein atxilotu aurretik hedabide bati emandako elkarrizketaren grabazioarekin eta, ustez, zein lasai zegoen iradoki eta zabalduz? Zein albistegien gai zerrenda aldatu eta atxilotua duten kuartelaren inguruan sortu den giro beroa erakusteko zuzeneko konexioa egiten duenak? Zertarako balio du atxilotu zuten unean inguruan zen bizilagunari elkarrizketa egiteak? Zertarako atxilotua aske zela hartu zizkioten azken irudiak emateak? Zertarako haurra eta ustezko hiltzailea elkarrekin azaltzen dituen irudi mordoa zabaltzeak? Zergatik aurreikusi nahi da zein zigor mota jarriko zaion atxilotuari? Zergatik pasatzen dituzte hainbeste minutu, hainbeste ordu, hainbat saio eta tertuliatan gaiari buruz hizketan, benetan esatekorik ez badute?

Tamalgarria da horrela esan behar izatea, baina ikuskizuna sortu dute; sortu, elikatu eta borobildu. Horixe. Besterik ez. Eta ikasi beharko dugu, besteak beste telebistan lanean aritzen direneta ikuskizunaren ikus-entzule garen askok eta askok, bestela jokatzen. Ardura nagusia gurea ez bada ere, horiek ez elikatzen. Ikasi beharko dugu dagokionari garrantzia ematen eta bide okerrera garamatzaten tentazio horiek baztertzen. Garia eta lastoa, informazioa eta morboa bereizten. Denboraren eta antsietatearen kudeaketa da, besteren artean, normalean ahantzi ohi dugun eta eztabaidaren muinera ekarri behar den gaietako bat. Herritar bezala, informatuak izateko eskubidea dugu. Aldea dago, ordea, horretatik orain eta hemen informatuak izateko beharrak sortzen digun antsietatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak