Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Nostalgiko

2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ideia berririk gabe. Hori da panorama. Telebista eduki gehienak dira aurretik egindako programen kopiak. Jada, zaila bilakatu da identifikatzea kate bat sortzen dituen programekin: Masterchef (TVE) eta MaterChef (BBC One) —dela parte hartzaile anonimo zein famatuekin egindako bertsioak—; Mira quién baila (TVE) eta Strictly Come Dancing (BBC One); Question Time (BBC One) eta Tengo una pregunta para usted (TVE). Hiru adibide besterik ez dira, baina zerrenda benetan luzea egin daiteke gainerako kateekin. Antzeko fenomenoa gertatu da zineman. Faltan sumatzen ditut zinemaren historian ikus-entzunezko lengoaiaren erabilera berritzaileekin harrapatu gintuen eskola frantziarreko (Nouvelle vague) zuzendari eta filmak: L. Gordard (À bout de soufflé), François Truffaut (Les quatre cents coups), Alain Resnais (Hiroshima mon amour). Zer esanik ez inpresionismo alemanak aurretik utzi zizkigun perlak: Das Cabinet des Dr. Caligari —hitzik gabekoa, gezurretako dekoratu landuekin eta giroko musika indartsuarekin ikuslea harritzea lortzen du—. Produkzio horien atzean itzelezko sormen ariketa zegoen. Elkarrizketarik gabeko gidoitik hasi, kamera mugimendu esperimentalak eta ezinezko enkoadretaraino.

Egun, berriz, ez dago telebista programarik ikuslea harritzeko gai denik. Arrunta da edozein herrialdetako telebista piztea, eta etxetik mugitu gabe jarraitzen duzunaren sentsazioa izatea. Askotan gertatzen zait hemen, Eskozian. Javier Gomez Telemadrideko kazetariak dio gizarteak bizi duen desenkantuaren ondorioa dela, belaunaldi berria definitzen duen pentsamendu krisiaren emaitza. Bestela esanda, norbere burua etorkizunean proiektatzeko zailtasunen isla. «Ezin duzu pasatu albistegia Twitterreko txioei buruz hitz egiten», esan du. Alderdi emozionalaren eta telebistaren arteko harremana aztertu du La gran desilusión liburuan. Izenburua kritikoa den arren, Gomezek esperantzarako aukera zabalik du: «Martxoaren 8ko greba eguneko irudiek islatzen dute jendearen ilusioa, etorkizun hobea proiektatzeko gogoa». Hain justu, telebistak «ilusio horien beharrei erantzun beharko lieke, pentsamendu krisiari aurre egiteko eta ikuslea sarearen burbuilatik onik irten dadin». Norbaitek eten dezake denboraren makina, mesedez? Nostalgiko jarri naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.