Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Gutxiespena (I)

2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Datozen sei urteetan ere Vladimir Putin izango da Errusiako presidentea. Igandeko bozetan botoen %76 eskuratu ditu. Larunbateko albistegiei esker jakin nuen espero izatekoa zela halako emaitza. Hala iragartzen zuten, babes handia izango zuela. Kopuruarekin ez ziren askorik erratu; ehuneko batzuk gutxiago iragartzen zituzten.

Duela sei hilabete, hilabete edo astebete inork ea halakorik imajinatuko ote nukeen galdetuko balit, barre txikiarekin erantzungo nioke. Inola ere ez. Nola, lautik hiruk babesa eman halako gizonari, agintariari, gaiztoari eta eroari. Hori baita, talaia honetan, hari buruz sortu dugun irudia. Ikusi dugu armak eskuetan, misil berrien probak defendatzen, arrantzan edo ehizan kamisetarik gabe, aberriaren handitasuna aldarrikatzen... Pertsona gisa, gutxietsi egiten dugula esango nuke, agintari gisa beldurtu egiten gaituen arren. Hari buruz jarduten direnean, ez digute azaltzen, gutxi gorabehera 142 milioi biztanle dituen herrialdean, %67,47ko parte hartzearekin, lautik hiruk zergatik egin duten haren alde. Zer ikusten dioten. Zergatik fidatzen diren hartaz. Badakit lehiakide nagusiari ez diotela aurkezten utzi; badakit nazioarteko behatzaileek irregulartasunak salatu dituztela igandeko zenbaketaren inguruan; badakit hauteskunde kanpaina neurrira prestatu duela eta hedabide gehienak alde zeuzkala; badakit aurka duenak bizitza bera jartzen duela jokoan; badakit, ez naizela Errusiako errealitatea zein izan litekeen imajinatzeko gai.

Duela aste batzuk Matar al mensajero dokumenta ikusi nuen La2 katean, hainbat herrialdetan kazetariek sufritzen duten arriskua azaltzen duena. Leku horietako bat Errusia da, eta arriskurik handiena gobernuaren aurka jarduten direnek pairatzen dute. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan sortutako Demokrazia isildua dokumentalak ere hori erakusten zuen. Mugarik Gabeko Kazetariak erakundearen arabera, Errusia, prentsa askatasunari zegokionez, 180 herrialdeko zerrendan, 148. postuan zegoela eta, hala ere, biztanleen %11k bakarrik onartzen zuen ez zegoela pozik herrialdean gertatzen zenarekin; Putinen onarpen maila, orduan ere, %82koa zen. Baina horiek ere, milioika pertsona horiek, gutxietsi egiten ditugula iruditzen zait. Hobe genukeela haien zergatiak ulertzen saiatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak