Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Berriak sortzea

2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Azaldu izan dut hemen, behin edo behin, gure belaunaldikook telebistako emankizunei dagokienez izan genuen zortea. Sinetsita nago, gu gaztetxo ginela, izan zela erabaki zuzenak eta ausartak hartzeko ikuspegia eta adorea izan zuen bat baino gehiago.

Duela gutxi, ikasgela batean, Lazkao Txiki zenari buruz hizketan hasi ginen. Ikasleetako batek telebistan ikusi zuela esan zidan, marrazki bizidunetan. Hark bakarrik zuen Lazkaon jaio eta inon hazi ez zen bertsolari handiaren berri. Prestatutakoa albora utzi, proiektorea piztu eta argia itzali eta hainbat atal ikusi genituen segidan. Espero nuen bezala, gustura egon ziren, barre algara batzuk eragin zizkien eta; joateko ordua iristean, ez zuten presa gehiegi erakutsi, kapitulua amaitu gabe baitzegoen.

Maiz pentsatu izan dut Lazkao Txikiren, Fernando Amezketarraren eta Txirritaren inguruko marrazki bizidunetan. Lazkao Txikirena nuen gustuko, benetan gustuko. Sinetsita nago asko eman zigula, guk uste baino askoz gehiago. Hasteko, produktu ona zen; dibertigarria, erakargarria, gozagarria. Eta, gainera, bertsolari interesgarri baten berri eman zigun. Harekin ezagutu genuen askok duela 25 urte joan zen lazkaotarra, harekin bere jiran ibili izan ziren beste hainbat; bide batez esanda, marrazki horiei pasadizoak gehitzen eta ahotsak jartzen lagundu zutenak. Horrez gain, mundu ikuskera bat ere erakutsi zigun, bizitzeko modu bat, gauzak kontatzeko eta azaltzeko manera bat, umore mota bat, kultura bat, hizkuntza bizi eta erabilgarri bat. Duela ez asko, bilera batean, hiru marrazki bizidun haiek eredu bezala hartu eta berriak egin beharko genituzkeela iradoki nuen. Hartu azken urteetan gurean izan diren pertsonaia interesgarriak —ez soilik bertsolaritzakoak— eta halako modu erakargarri batean landu, aurkeztu eta eskaini, gaurkoei eta biharkoei, ikasgai eta gozagarri. Gure belaunaldian, euskaratik gertu gaudenon artean, ez dakit marrazki haiek ezagutu ez zituen inor izango ote den. Gaur eguneko betaurrekoetatik begiratuz gero, sortzen dituzte arrakala eta ziztada batzuk, baina denok lotu gintuen orain —telebistan eta handik kanpo— faltan sumatzen ditugun hainbat ikuspegi eta eredutara. Zenbatek jakingo ote ditu, ez dakizkielakoan, marrazki haien hasierako eta amaierako bertsoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.