Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Arrakasta?

2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Agustin Gomez Wallapop aplikazioaren sortzaile eta zuzendari nagusiaren elkarrizketa iritsi zait, paperean, eskuen artera. Titular deigarri batek lotu dizkit begiak testura: «Hasi ginenean, galtzaile batzuk izango ginela uste genuen». Ez da hala izan, enpresagintzan arrakastaren dominak banatzen dituzten balioen arabera. Bigarren eskuko gauzak saldu eta erosteko aplikazioak aparrak bezala egin du gora, azkenaldian. Agian, zuk ere deskargatuko zenuen aplikazioa zure telefonoan.

Gorakada hori ekarri duten arrazoien artean, erredaktoreak eta Gomezek berak telebistan iragarkiak txertatu izana aipatzen dute. Arrazoiketa sinple batek eraman zituen horretara. Zeri eskaintzen dio denbora jendeak etxean dagoenean? Telebistari. Hala erabaki zuten hor inbertsioa egin behar zutela. Dirurik izan ez, eta tratua egin behar izan zuten Atresmedia etxearekin. Enpresaren zati bat eman zioten, hutsik zeuzkaten publizitate tarte batzuen truke. Iragarki horiek hamar aldiz biderkatu omen dute haien gorakada.

Badakizu —behin eta berriz errepikatu dut eta— oraindik ere telebistak gugan eragiteko indar ikaragarria mantentzen duela pentsatzen dudala. Telebistako iragarkiei buruz ere antzeko iritzia daukat. Aldatu egin diegu funtzioa tarte horiei; zaildu egin diegu, agian, guganako irismena. Eta, hala ere, sinetsita nago produktu edo zerbitzu egokia modu eta une egokian pantailaratuz gero emaitza inbertsioa baino handiagoa izan litekeela.

Oraingo honetan, inbertsioan dago gakoa, bereziki. Ez dakit aipatu testuarekin zenbat irakurleri nahasiko zitzaizkion barrenak niri bezainbeste. Telebistan zure zerbitzua erakutsi ahal izateko euskarria jartzen duenari zure erakundearen parte bat saldu beharrak badu deabruari arima saltzetik. Batez ere deabru hori zein den kontuan izanda. Gaur egungo telebistaren tripak ezagutzeko argazki ezin hobe bat ematen du.

Artikulua ilustratzen duen argazkian, Agustin Gomez irribarretsu eta soseguz ageri da. Harro bere ibilbideaz eta lanaz. Ez naiz gai sentitzen, inondik inora, mugimendu estrategiko hori epaitu edo oker gisa kalifikatzeko. Ez nuke, hala ere, arrakastaren zakuan sartu eta publikoki aldarrikatuko, zure helburuak lortzeko helburu horiekin bat egiten ez duenari zure erakundearen zati bat saldu behar izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.