Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Entretenimendua

2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herrira egindako azken bisitan, aukera izan dut ETBko bi ekoizlerekin entretenimenduaz hitz egiteko. Gogoeta egin genuen genero horretako telebista saioak egiteko prozesuaz, (berezko) zailtasunez eta ikusleen erantzunaz. Alderatu genituen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan egindako entretenimenduzko programak eta egun ETB1en daudenak. Eta, antzekotasunak baino gehiago, aldeak nabarmendu genituen. Bereziki, finantzaketa, produkzio eta distribuzio ereduetan. Neurri handi batean, krisi ekonomikoak eta ikus-entzunezko sektoreak bizi duen etengabeko aldaketa egoerak nabarmen aldatu baitute telebista egiteko modua. Eskarmentu handiko emakumezkoen arteko solasaldi atsegina izan zen eta, zorionez, iritzi ezberdinak trukatu genituen.

Zaila da asmatzea. Alegia, audientziari interesatuko zaion eta dagoeneko landua ez dagoen eduki zein telebista formatu berria sortzea. Are zailagoa da entretenimenduzko saioak adin tarte ezberdinetako ikusleak harrapatu behar baditu aldi berean. Are zailagoa da hizkuntza minorizatuan lan egiten duten telebistentzat, non berez diren txikiagoak kate horietara bideratzen diren baliabide ekonomikoak, teknikoak eta artistikoak. Jada nahiko agerikoa da hori ETB1eko eta ETB2ko produkzioetan. Horrez gain, ikuslearen fideltasuna aipatu behar da; beharbada, telebista tradizionalaren eta ez hain tradizionalaren erronka nagusietako bat. Nola bermatu hori? Ikus-entzunezko edukien Interneteko banatzaile handienek ere zaila dute horretan asmatzen.

Ez genioke saiakuntzak egiteari utzi behar, hortik baitatoz irakaspenak. Eta ez gaitezen urrutira joan besteek guk baino hobeto zer egiten duten ikusteko. Geratu gaitezen etxean. Kanaldude eta Blai gazte telebistan, adibidez. Bien artean ekoiztutako saio berriaren atal bat ikusi dut. Gustuz zein mimoz egindakoa da Anakrusa musika saioa. Aurkezlerik gabeko 30 minutuko produkzio txikia da: gaztetxe bat, kamera bi, soinu teknikaria eta mahai gaineko testu-galderak protagonistentzat. Bigarren saioan, Eneritz Furyak eta Julen Idigoras gonbidatu dituzte managerren ogibideari buruz solastatzeko. Ez dakit zuei, baina niri entretenigarria eta aberasgarria iruditu zait euskaraz musika egiten duten bi gazteren egoera gertutik ezagutzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.