Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Estonia, bi puntu

2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Gauza gutxi nekizkien Estoniari buruz herrialdea bisitatu aurretik. Asko jota, herrialde horrek telebistaz ikusitako Eurovisioneko musika lehiaketaren batean lortutako bi puntuak. 2007ko abuztuan izan nintzen lehen aldiz, Tallinn hiriburuan. Leku polita da, uste baino koloretsuagoa. Unescok gizateriaren ondare izendatua du haren alde zaharra; hain zuzen, Europako Erdi Aroko hiri babestuenetako bat da. Estoniak 1991n lortu zuen independentzia demokratikoa Sobietar Batasunetik. Beraz, Errusiar kulturaren eragina nabaria da oraindik, bereziki jende helduarengan. Gazteak, aldiz, oso kosmopolita dira.

Harrituta utzi ninduten hainbat gauza ikusi nituen Estonian. Horietako bat, orain dela hamar urte jada, sakelakoaren bitartez autoaren kaleko aparkaleku zerbitzua ordaintzeko aukera. Aplikazioa Internetetik jaitsi eta matrikularen zenbakia sartu besterik ez zenuen egin behar. Ez zen, beraz, TAO makinarik Tallinneko kaleetan. Gogoan dut urte batzuk zirela sakelakoa nuenetik, baina gailuaren bidezko ordainketa gauza berria zen niretzat. Areago, ez nuen imajinatu aukera hori laster irits zitekeela Euskal Herrira. Egia esateko, ez dakit egun existitu ere egiten den.

Tallinnek 450.000 biztanle inguru ditu eta urte gutxian hazi egin da modu izugarrian. Baina, ez populazio aldetik. Negozio-ideia berritzaileetan oinarritutako enpresa askoren lekua da Tallinn: pertsonako start-up kopuru handiena duen Europako lekua da. Estoniarren eta teknologia berrien arteko harremana, ordea, ez da gauza berria. Izatez, Skype Internet bidezko deiak egiteko softwarea garatzen duen konpainiaren jaioterria da. Luxenburgon badu egoitza nagusia, estoniarrek sortu zuten 2003an. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak honako hau adierazi du Legebiltzarrean, 2019-2030 plan estrategikoaren harira: «Telebista, agian, ez da tresnarik egokiena kultura zabaltzeko. Kultur eskaintzan sakondu ahal izateko, Internet izan daiteke bitartekotik egokiena». Iturbe anderea, hor duzu telebistako ordurik gehienak betetzen ari den Errusiako Munduko Kopa, non, guztira, hogeita hamabi herrialdetako taldeak lehiatzen ari diren. Hizkuntza, gastronomia, ekonomia, politika eta beste ezberdinen zerrenda luzea. Bururatzen zaizu orain aukera hoberik kultura eskaintzan sakontzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.