gorka julio
IRLEN SAREA

Iraultzak

2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Iraultza epe motzean egiten den aldaketa azkar eta erabateko gisa definitu izan da. Herriaren gehiengoak edo abangoardia batek horren izenean eraman ohi du aurrera. Zer nolakoa da orain proposatzen diguten laugarren industria iraultza orduan? Nork sustatuta? Zer aldaketa sortzeko?

Badira, noski, beste mota batzuetako iraultzak; industria iraultzak horrelakoak izan dira. Iraultza horiek energia berri edo erabilpen berriei eta komunikazio aukera berriei lotuta gertatu ohi dira. Normalean ekoizpenari atxikitako aldaketek —lurrun makinaren edota ekoizpen-katearen sorrerak— erabateko aldaketa dakarte jendartean, baita horren ondoriozko harremanetan ere.

Bigarren industria iraultzak —adibidez telegrafoak, telefonoak, irratiak, argindarrak...— bizitza erraztu zigun. Proletargotzak ere hobekuntzak jaso zituen; ez borroka gutxirekin, lanaren gaineko arautegia sortzea eta osatzea lortu zuten. Ahalmen ekonomikoa handitu zen herrialde garatuetan, eta katean eta seriean ekoizten ziren produktuak erosteko gai izatera iritsi ziren.

Hirugarren industria iraultza terminoa onartua dago, eta energia berriztagarriei eta komunikazio sare inteligenteei lotuta dago. Energia berriztagarria banatzeko sareak, energia metatzeko bateria mota berriak, auto elektriko edo hibridoak... sortzen eta agertzen ari dira orain, baina, gradualki ari badira, iraultza bat da?

Marko horretan, Industria 4.0 edo laugarren iraultza ere proposatzen digute. Ekoizpen gaitasun unitate inteligenteak koordinatzeko ziberindustria batek sortuko luke iraultza hori. Horretarako prest egon behar omen dugu; kasu horretan, baina, zein da subjektua, nork egin behar du edo norentzat egin behar dugu?

Alemanian sortu zuten terminoa, beraien industria posizionatzeko estrategia moduan, influentzia esparrua gehiago markatu nahi duten honetan. Europako Batasunean, Alemaniaren —Frantziari loturik— lidergoa argi uzteko era bat da, produkzioaren, eta, ondorioz, ekonomiaren kontrola eskuratzeko.

Elite horiek proposatzen duten iraultza noren alde eta kontra joango den badakigu. Hala ere, bigarren industria iraultzan bezala, langilerian eragin positiborik ez badu, benetako iraultza berri bat ere gerta liteke. Iraultza epe motzean ematen den aldaketa azkar eta erabatekoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.