gorka julio
IRLEN SAREA

Karraskariak Ermuan

2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ermuko Udalak (Bizkaia) herri osoan zehar hedatutako zuntz optiko sare bat —Fibermua— eta wifi sare publiko bat sortu zituen. Wifiarekin kale eta parke garrantzitsuenetara iristen dira, eta zuntzarekin ia herriko atari guztietara. Herriko edozein puntutan konektibitatea behar izanez gero, zuntz bidez edo wifi bidez eman dezakete. Esperientziak nola funtzionatzen duen ezagutzea garrantzitsua da, gutxi baitira arlo publikotik sustatzen diren sare publiko eta neutralak.

Ermuko Udalak Promosa enpresa publikoaren bitartez eraiki ditu zuntzezko sarea eta wifia kaleetan. Zerbitzua eman nahi duten operadore pribatuak enpresa horren bezeroak dira, eta sare horiek alokatzen dituzte. Operadore horiek —ez udalak— ematen dizkiete bezeroei Internet, telefono finkoa eta IP bidezko telebista zerbitzuak. Sakelako telefonoa eskaintzen badiete, zerbitzu hori enpresa publikoaren eremuz kanpo gelditzen da.

Azpiegitura baten jabea izanda, zerbitzua operadore txikiek edo lokalagoek eman dezakete, sare beraren gainean. Horrek aurrezpen izugarria dakar obra zibiletan soilik, eta azpiegituraren beraren jasangarritasun ekonomikoa, operadoreei egiten zaien alokairuaren bidez finantzatzen baita. Azken hori ere erabaki bat izan da, nahi izanez gero enpresa publiko horrek ere eman baititzake konexio zerbitzuak.

Aste honetan, matxura baten ondorioz, ehunka erabiltzaile zerbitzurik gabe gelditu dira. Karraskariek zuntz optikozko kableak beren dietan sartu dituzte, eta horrek matxura bat sortu du sarean. Ohiko arazoa da hori lur azpiko azpiegituretan; konpainia askori eragin ohi dio. Berehala konpondu ahal izan dute arazoa, eta neurriak jarri dituzte etorkizunean gerta ez dadin.

Aste honetan, sare hori albiste izan da. EITB bidez zabaldu zuten albistean, ehunka pertsona Internet konexiorik gabe gelditu izanaren larritasuna azpimarratzen zuten. Arraroa egin zait, baina, Ermuko kasua ezagutu ahal izatea eta beste konpainia askok izaten dituzten matxuren berri inoiz gutxi izatea. Esate baterako, apirilean milaka pertsonari eragin zion Euskaltelen akats orokorrari buruz ezertxo ere ez dut aurkitu. Fibermua bezalako proiektuek mimo berezia merezi dute; arazoak izango dituzte, proiektu guztiek bezala, baina bihoakie hemendik nire babesa proiektuaren sustatzaileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.